Klig

Komunean leituz ilustratzen gara

 

(Kataluniatik Euskal Herrira ekarria)

Behean sinatzen dugun hizkuntzaren ikerlari, filologo, hizkuntzalari, irakasle, doktore, idazle, itzultzaile, jurista eta esparru horietako gainerako profesional garen guztiok, euskararen egoera erreala aintzat hartuz eta Euskal Herrian, agindu demokratikoz, abian jarriko den prozesu eraikitzailearekin bat eginik, euskal hiritarroi honako hau aditzera ematera beharturik ikusten dugu geure buruok.

EGIAZTATZEN DUGU:

  1. Euskara Euskal Herriaren hizkuntza dela, Euskara baita bertako hizkuntza, bertan sortua eta bertan garatua historian zehar. Euskara da Euskal Herriak historian zehar hitz egin duen hizkuntza.

  2. Bere lurralde propioan ere euskara ez dagoela lurralde-hizkuntza baten egoera normalduan, Euskal Herriak Frantziaren eta Espainiaren aldetik azken mendeotan jasan dituen anexio-prozesu desberdinen ondorioz, ageriki ezarri baitzaizkio menderatze-hizkuntza gisara gaztelania eta frantsesa.

  3. Egiaztatzen dugu, orobat, ezen, menperatze-prozesu politiko-linguistiko orotan ohikoa den bezala, gaztelaniaren eta frantsesaren ezarpena lortu ahal izateko euskal jendearen derrigorrezko elebiduntzea behartu dela eta, oraindik orain, behartzen ari dela. Mendetan barrena luzatu den elebiduntze-prozesua dela honako hau, luzaroan arrakasta osoz burutu gabe, harik eta, batik bat Hegoaldean, diktadura frankistak bi belaunalditan burutu zuen arte. Hartarako, euskararen erabileraren kontrako errepresio politiko-juridiko bortitza baliatu zuen, bitarteko eraginkor gisara gaztelania hutsez behar zen derrigorrezko hezkuntza-sistema eta komunikabide berrien hedapen-indarra baliatu zituelarik, ahaztu gabe, elebiduntze-eginkizun horretarako erdal lurraldeetatik erakarritako inmigrazioaz egin zuen erabilera politiko-linguistikoa.

  4. Egiaztatzen dugu, halaber, frankismoaren biziraupenerako antolatutako 1978ko erregimen konstituzionalak ere, zeina Euskal Herriak inolaz ere onartu ez baitzuen, gaztelaniaren indarrezko ezarpen politiko-juridikoa areagotu zuela bere itxurazko aurpegi demokratikoa tarteko. Agerikoa da urtetan barrena berrezarritako Euskal Erakundeen legedi desberdinez bideratutako hizkuntz politikek esparru zenbaitetan euskararen erabateko gutxitze-prozesua zertxobait apaltzeko balio izan dutela, baina inolaz ere ez euskarak eguneroko jardunean gaztelaniarekiko duen menpeko gizarte-erabilera iraultzeko eta hiztun gehienon hizkuntz erabilera normaltze-bidean jartzeko. Are gehiago: ez da zalantzarik Estatu zentralistak inposatutako hizkuntz-erabilera horren praktikak erabateko ordezkapenera daramala bertako hizkuntza elebitasunaren diskurtsoa medio.

  5. Egiaztatzen dugu ordezkapen-prozesu hau areagotuz joan dela, hainbeste areagotu ezen euskararen egoera une honetan arras kritikoa baita erabilera-esparru gehienetan. Horren adierazgarria da euskara ez dela egun, une honetan, Euskal Herrian hizkuntza ez-markatua, hau da, ezezagun bati zuzentzeko edozein euskaldunek naturaltasunez erabiliko lukeena. Ez da, ezta ere, belaunaldien arteko hizkuntza: ezagutza-maila areagotzen omen den bitartean, ia ez da ezertarako erabiltzen. Aldi berean, gizarte-baztertzearekin batera, ez da behin ere apaldu euskararen degradazio kualitatiboa, egiturazkoa, hizkuntza erromantzea ez izatetik gaztelaniaren morroi huts bilakatzen ari delarik.

SALATZEN DUGU:

  1. Euskal Herrian hizkuntz errealitateak erakusten duen sakoneko anormaltasuna: kanpotik etorritako hizkuntzak (gaztelaniak baino ez, edonola ere) efektu guztietarako hartzen du defektuzko hizkuntzaren eginkizuna, lurraldeko hizkuntzarena, hizkuntza nazionalarena, eta, bitartean, bertako hizkuntza zena eta dena komunitate hertsi huts batena baino ez da bilakatzen ari, gero eta gehiago murriztuz doalarik, eta desagertzeko arriskua areagotzen ari zaiolarik, normaltasun-egoeretan inmigrazio-hizkuntzei gertatu ohi zaien bezala. Anormaltasun hau zeharo distortsionatua geratu ohi da bultzatzen diren hizkuntz inkesta gehienetan.

  2. Salatzen dugu “elebitasuna” deritzon ideologia politikoa, aginte-esparruetatik etenik gabe inokulatzen joan izan dena euskal populazioaren zainetan, bi xederekin batik bat: 1978tik aurrerako Kontsituzioak eta Autonomia Estatuek ezarritako errejimen juridikoa zuritu ahal izateko, eta, halaber, bi hizkuntzen koexistentzia –bi-biak, ustez, ofizialtasun-estatus berdinekoak eta eskubide-berdintasunean ere, ustez, maila berekoak– gertaera natural, positibo, abersagarri eta demokratikoa dela sinestarazteko. Izatez, ideologia elebiduntzaile hori hizkuntza baten menpekotasuna eta euskal gizarteak pairatzen duen hizkuntz ordezkapenaren prozesua ezkutatzeko eta legitimatzeko era bat baino ez da Euskal Herrian. Prosesu honen geldotasunak, gainera, gizarte-elebitasunak hizkuntza gutxietsiaren berrindartzea ekar dezakeelako ustea eta bertako eta kanpoko hizkuntzen arteko oreka-egoera egonkorraren inpresioa sustatzen ditu jendartean.

  3. Salatu egiten ditugu hainbat talde politikoren adierazpenak, izan ere, ideologia elebiduntzailearen aurpegiaren atzean, argi eta garbi posposatzen baitute etorkizuneko Euskal Errepublikarentzat egungo hizkuntz anormaltasunak bermatua izaten segi dezan eta, azken buruan, errepublikaren normalkuntza faltsu bilaka dadin.

ADIERAZTEN DUGU:

  1. Menderakuntza espainolak sorrarazitako hizkuntz desegituraketak euskal gizarteari dakarkion gizarte-arazoaren kontzientzia hartzeko premia, nabarmenki falta baita kontzientzia hori hiritar gehienengan eta lider politiko askorengan. Behar-beharrezkoa da guztiok uler dezagun errepublika berriaren arazorik larrienetako bat, agian larriena, hizkuntz arazoa izango dela, gizarte-kohesioaren oinarriari berari baitagokio zuzen-zuzenean.

  2. Adierazi nahi dugu hizkuntz kontzientzia honek prozesu eraikitzaileari eta kontsentsu kontsituzionalari buruzko hiritar eztabaidan argia eman behar duela, ez badugu nahi konstituzio berria hizkuntz arazoa faltsuki ixteko modu bat izan dadin eta eragotzi edota ezinezko bilaka dezan dauden irtenbide bakarren konponbidearen hasiera: a) guztiz itzuli euskarari Euskal Herriko lurralde-hizkuntzaren estatusa, b) euskararen erabilerak gaztelania eta frantsesarekiko jasaten duen subordinazio sistematiko eta orokortuaren praktika irauli, eta c) hizkuntzaren sena eta jatortasuna berreskuratu.

  3. Adierazten dugu, azkenik, hizkuntz kontzientzia-hartze horren fruitu bezala, hizkuntzaren normalkuntzarako hiritar mugimendu zabal bat sortzeko premia, premia larria, hizkuntz menderakuntza gainditzeko jokamoldeetan konprometatutako borondate gehiago erakar ditzan eta non hiritar guziek, edozein delarik ere haien jatorria edota hasierako hizkuntza, biltoki aurki dezaten.

  4. Eta adierazten dugu premia garrantzizko bat, azken finean: Euskal Estatua eraikitzeko prozesuari Euskara euskal hiritar guztien ardatz integratzaile bilakatzeko borondatea agertzeko premia. Guztia, eleaniztasuna norberaren eta gizartearen aberastasuna dela aldarrikatzen duen onarpen publiko baten markoaren baitan kokatua, eta beharrezko diren neurriak eta bitartekoak eskainiz hiritar guztiak Herri normal baten eraikuntzan aintzat hartuak eta barnehartuak sentitzen direla bermatuz, baita hizkuntzari dagokion heinean ere.

Koiné Taldea:

Per un veritable procés de normalització lingüística a la Catalunya independent”

 

Gaur, otsailak 27, berrogei urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD, gaztelaniaz: RASD) proklamatu zenetik.

Harrezkero, etenik gabekoa eta odoltsua izan da sahararrek autodeterminazio-eskubidea lortzeko eta estatu aske bat osatzeko eraman duten borroka, Marokoko monarkiaren eta armadaren doilorkeria guztia izan baitute aurrez aurre.

Egun, itsasoan zein lehorrean, Marokok segitzen du sahararren lurralde aberatsenen jaun eta jabe izaten: El Aaiun, Dajla, Tarfaia, Smara, Bu kraa…

Eta une honetan, SEADk Lurralde liberatu bezala ezagutzen den basamortu-zerrenda bat baino ez du bere agindupean. Mauritaniako mugaren ondoko zerrenda luze, estu eta idorra.

Eta arazoak ez du konponbide-itxurarik erakusten, lau hamarkada hauetan, gerrak eta sufrimendua gorabehera, ezin izan dute sahararrek inora iritsi ez den laurogei bat Estaturen onespen formalaz harago joaterik lortu.

Eta ez gaude, ez, mendebalde “libre” honetan bizi garen biztanleok sahararrei aholku gehiegi eskaintzeko, aski baikenuke geure buruari emateko gai bagina. Baina, gizarte sahararra barnetik ezagutu dugun heinean –berdin Tindufen zein esparru liberatuetan–, handik kanpo bizi izanda dugun perspektibatik idatzi nahi genituzke ondoko lerrook.

Zeren eta, ustez bederen, sahararrekiko betidanik izan dugun giza enpatiak eta elkartasun politikoak zilegitasuna ematen baitigute zintzo eta garbi mintzatzeko.

Eta gogoko ez badugu ere, horrela mintzatuko gara gaur, SEADren sorreraren urteurren esanguratsu honetan.

Hona, bada, gogoeta-iradokizunak:

1.- Orain artekoa ikusita, sahararren arazoak nekez izango du etorkizunik nazioarteko erakundeen aldetik, interes ekonomiko-politiko gehiegi biltzen baita haien agendetan milaka beduinoren herri desegituratu bati erantzuten ekiteko.

2.- Beren burua eta herria iraunaraziko badituzte, sahararrek bizpahiru alternatiba erreal baino ezin dituzte aintzat hartu:

a) Dauden bezala jarrai dezakete oraindik hainbat urtez, herriaren multzorik erresistenteena Tindufen mantenduz eta, arrazoi politiko-ekonomikoak medio, gero eta urriagoa den nazioarteko elkartasunaz baliatuz.

b) Sahararrak suntsipen ziurrera eraman litzakeen gerra bati ekin liezaioke SEADk Marokoren aurka, alauiten botere militarra eta intereskide geoestrategikoak askoz ere gehiago eta handiagoak baitira Fronte Polisarioak beretzat inoiz amestu litzakeenak baino.

c) Munduan politikoki, juridikoki, ekonomikoki eta sozialki homologagarri izan litekeen Estatu bat eraikitzen has litezke bereak dituzten lurralde liberatuetan.

3.- Esan gabe doa ez dela falta lehen aukeraren aldekorik aparatuan ongi finkatuta dauden adineko funtzionario eszeptikoen artean, ez eta bigarren aukeraren aldeko joerarik jende gazte suminduaren artean ere.

Guztiarekin ere, hirugarren aukera bide da sahararren biziraupena eta herri bezala proiekzio zuzena ekar litzaiekeena, eta etorkizuna ziurta liezaiekeen estatus bakarra.

Baina nondik hasi?

Beren mendeko basamortuetara geologoak hurbilaraztetik eta haien azpian ur-prospekzioak egitetik, hain zuzen ere; ur-poltsak (fosilizatuak zein bestelakoak) non kokatzen diren identifikatzetik eta ura ateratzeko eta baliatzeko egiturak eraikitzetik. Xedea bakarra dela ahaztu gabe: dagoeneko liberatuta dauden lurralde harritsuekin Estatu integratu bat antolatu eta, bertan, bizitzeko egokiak diren erreferentziazko azpiegiturak eta guneak sortu.

Beste modu batean esanda: sinbolismoak utzita, SEADk lehenbailehen eraiki beharko luke Errepublikaren izena eraman lezakeen Estatu fisiko-erreala, hasiera batean besterik eman balezake ere.

Eta hori bere kontrolpean dituen lurraldeetan burutu behar luke, ez Aljerian.

Jakina, lehen begiratuan, eta geoestrategikoki kontsideratuz, badirudi hobe litzatekeela Bir Lahlou edo Tifariti aldea antolatzen hastea, Mijek, Agwanit, edo Zug-en baino, beti izango baita probetxugarriago Aljeriatik gehiegi ez urruntzea.

Han behar luke SEADk hiri nagusia jaso, aireportua, lehen sorgune ekonomikoak, industria militarra. Eta baita, akaso, Atlantikoko atea den Guerguerat aldean.

Baina hori sahararrek erabaki behar duten zerbait da.

Hori bai, huts egiteko beldurrik gabe aurrera liteke nazioarteko elkartasuna janaria biltzera mugatzen dena baino askoz ere handiagoa izango litzatekeela sahararren Estatu erreala eraikitzen laguntzeko.

Edozein delarik ere hartuko duten bidea, zorionak SEADri eta Saharar Herriari!

                                                           (A.G.)

Honako titulu hau daraman dokumentua zabaldu du esparru hauetako erakunde politiko batek bere lan ildo berriak ezagutarazteko:

Aldaketa = errespetua, errekonozimendua, erresoluzioa, erreskate soziala”

Gauza jakina da horrelako testuak euskaraz sortuak direla pentsatzeko tentazio gutxi izaten duela giza abere euskaldunak normalean, baina Euskal Herriaren Independentzia xede estrategiko duen alderdi baten aldetik etortzean, sinesmen ariketatan murgiltzeko prest egoten da jende abertzalea, oro har, baita euskaldunik eszeptikoena ere.

Eta interesak bultzatuta, arretaz heldu dio giza abereak irakurketari. Harik eta pasarte enigmatiko honekin aurkitu den arte:

Horretara datoz aldaketari erantsi dizkiogun lau R-ak: errespetua, errekonozimendua, erresoluzioa, erreskate soziala”

Garrantzi handiko dira R-ak, antza, lehengo RHren parekoak nonbait, zeren eta “Indarrak metatzeko R-ak” baitira, testuak dioenez.

Matematika gutxi jakin arren, “R-ak” kontatzen hasi eta lau ez, zortzi R ateratzen zaizkio matematiketan ohituegia ez den irakurleari. Alegia, bina erre hitz nagusi bakoitzeko.

Kezka nabarmena, beraz:

Nondik, bada, edo nola kontatuta atera ote zaizkio dokumentuaren egileari lau R huts direlako horiek? –galdetu dio behin eta berriz inuzentzia guztiarekin bere buruari.

Lau R? Lau R? Lau R?

Harrituta, bilatzen hasi, eta ezin soluziorik aurkitu.

Erre bilketarekin zeharo erreta, azkenean aurkikuntzaren bidean edo jarri da gure irakurle ergela:

Akaso “lau R” idatzi beharrean, “lau ERRE” idatzi nahi ote zuen testugileak? Ala, akaso, pentsaezina litekeena: ez ote zaizkigu berriz ere errekolonializazio lanetan arituko, oraingoan gureak direnak, geure etxean bertan eta euskaraz sortua behar zuen testu bat dela medio? Eta horren azpian dagoena akaso “Respeto-Reconocimiento-Resolución-Rescate social” hitzak balira, “lau R” hutsez hornituak, maiuskulaz jarriak gainera, oso motibagarriak eta eragingarriak eta nahi dena, baina gaztelaniaz pentsatuak eta euskaldunoi hala edo hola trasbasatuak?

Bai, zera! Deskartatuta zeharo azken aukera hori. Dokumentuaren amaierako hitzek ez baitute horrelako mesfidantzetarako tarterik uzten:

Gure proiektu estrategikoari ateak zabaltzeko norabidean kokatzen direnak.

Horregatik guztiagatik atera ditugu ‘dantzara’, Espainiako egoera nahasi honetan gure lurra zein den erakusteko eta gure herriari begira independentziaren bagoiak eraikitzen jarraitzeko”.

Euskaraz sortua da testua eta erreena konfusioa baino ez da izan guztiz: “ERREak” idatzi behar zen tokian “R-ak” idatzi du delako euskaldun idazle horrek oharkabean.

Sinetsita gaude. Egiatan!

                                                      (K.S.)

 

 

Mirespenez eta begirunez ikusi du betidanik KLIGek Koldo Zuazo hizkuntzalariaren lana.

Baina ez mirespenak eta ez begiruneak itsutu gaitzake Euskararen biziraupenari buruz mintzatzen hasten garenean, eta are gutxiago gauzak, ustez, inpresionismo hutsaren koloreekin kaleratzen direnean. Eta horretan badute zer komentatu Berrian 2016ko urtarrilaren 5ean azaldutako elkarrizketan isuritakoek.

Gordinki, baina adiskidetasunez edonola ere.

1) Hizkuntzalari ez denak ere badaki bariazioa, aldagarritasuna, aniztasuna kontzeptu linguistikoak direla, hizkuntzarekin aritzean hiztunek eskura dituztenak, bai fenomeno gisara egonkortzeko, bai aldarazteko, bai aritzen jarraitzeko. Hizkuntzaren etengabeko bilakaeraz mintzo dira kontzeptu horiek eta halaxe dira onetsi, behintzat ehun urteotan.

Gustatu ala ez gustatu, hizkuntzak erakunde biziak dira, mugitu egiten dira: hitzak eta formak baztertzen dira, hitzak eta formak berreskuratzen, formak eta hitzak mailegatzen, formak eta hitzak asmatzen…

Ezin, beraz, nahastekatu gogokoa ez duguna gustatuko litzaigukeenarekin. Gauzak Martetik datozela iruditu arren. Sukaldatu hitza ez zaigula gustatzen? Modako kultura gastronomikoak tarteko, beti aukera genezake euskalki gasteropodoetako kozinatu auzakidea, baina Adorez Hiztegiak –bildur handiz, egia da– erdarazko partean bederen sartua du lehen kalko alienigena hori, eta gutxi falta zaio, erabileraren poderioz, Euskaltzaindikora ere iristeko. Esleitu, ekidin aditzak ez direla inoiz erabili? Orotariko Hiztegiak dioenez, lau bat mendeko lekukotasunik behintzat badute…

Hizkuntzak, horrela da, erabilerak berak aberasten ditu, edo kamusten, eta erabilera ezak ordezten eta hiltzen. Baina erabiltzean, etengabe aldatzen dira hizkuntzak, garaietara moldatzen dira, premia berrietara egokitzen dira. Egia da, halaz ere, gustuko ez ditugun hitzen ordez beti erabil ditzakegula gertukoago egiten zaizkigun aditzak: ebitau, eslejitu…

2) Nonbait premisa apodiktikoa da jendeak, hizkuntza bat erabiliko badu, oso gertukoa izan behar duela. Zalantza da ea zer den “oso gertukoa izatea”.

Lastokeriatan sartu gabe, ezaguna da gaur egun hizkuntza hegemonikoak ditugula beti gertukoen: irrati-telebisten bidez, propagandaren bidez, okin, auzoko edo ezkontide ditugunen bitartez ikasten ditugu, lantzen ditugu egunero, ezin gertuago ditugu haien lexikoa bera, haien sintaxia, haien esamoldeak… Praktikan nabarmena dugu hori etxean bertan: zertarako ikasi euskaraz kontazen prezioak eta zenbakiak gaztelaniaz ezin gertukoago ditugunean (ba al da NANa euskaraz errepikatzen dakien euskaldunik?) eta ezin hobeto dakigunean “dosmidieziseisean” esaten? Eta, garaian garela eta, “por lo menos etorri da Olentzero” eta “jaiotza vivienteak” (gaurko Faktorian entzuna), etab. “Eta ya que honaino iritsi garen” zertarako forma kausalak ere euskaraz esaten ikasi? Porque ba al du euskarak partikula horiek baino gertukoagorik eta funtzionalagorik? Segurua da paskualiak, softwareak eta dronak, oso gertuko hitzak ez direnez, ez dituztela euskaldunek inoiz ikasiko eta ez erabiliko. Euskaldun petoek inoiz ikasiko ez dituzten arrakasta eta harrabotsa hitzak bezain urrutikoak, seguru asko.

Baina hurbiltasuna, hizkutnza gertuko bilakatzea, ekinaren ekinez lortzen da. Euskaraz irakurtzen ez duen batek, telebista gaztelaniaz ikusten duen batek, nahiz eta Amezketako azken baserrikoa izan, gertukoago izango ditu beti Diariovascoko titularrak eta telezinkoko diskurtsoak. Eta inkestagileak inguruan egon bitartean kalean euskaraz edo jardungo duen arren, haiek joandakoan, berehala ekingo dio belenestebanezen esames eta txutxu-mutxuak maiseatzeari… gaztelaniaz, por supuesto, gertuago baitauzka mundu eta hizkera horiek ETB1eko mezasantuak baino.

3) Euskalkia galtzean ez da galtzen euskara, lasai. Hizkuntzalariek ongi jakin beharko lukete hori. Joan zaigu zaraitzuera, joan erronkariera, joan arabera, laster joango aezkera ere… eta, egia da, altxor ikaragarriak galtzen ditugu, baina ez, horratik, euskara. Ez horregatik, behinik behin.

Euskalkiak sortuaz joan daitezke belaunaldiz belaunaldi, eta orain arteko aldaera diatopikoak bezalakoak izango ez badira ere (gizarte modernoaren irekitze-mailak ez baitu horretan laguntzen), diastratikoak izango dira aldaera berriak, eta, zalantzarik gabe, diafasikoak, norberaren estiloaren araberakoak. Horiek izango dira euskalki modernoak. Ildo horretakoak izango dira gizarte modernoetan geratuko direnak

Lasai egon bitez, beraz, dialektologoak, lanik ez zaie-eta faltako.

Eta horretan, bai, ados baieztapen batekin: “aberastasuna da egoera bakoitzerako hizkera bat edukitzea”; baina ez, otoi, gauzak nahasi, hizkera hori ez baita zertan aldaera diatopikoa (egungo euskalkiak, alegia) izan, aldaera diafasikoak edota diastratikoak baizik.

4) Baina, jakina, edo ulertzen dugu behingoz gure hizkuntz arazoa edo gureak egin du. Euskara bera da hemen, orain, galzorian dagoena. Euskara dugu galduko, ez jadanik lau katuk baino ez darabiltzaten mapetako euskalki ortodoxo horiek. Maitasunak eta nostalgiak gorabehera, hizkuntza formalki bateratua eta sozialki bateratzailea da irtenbidea, irtenbide bakarra. Euskara estandarra, alegia.

Irtenbidea ez datza, ez, akrazia dialektologikoa sustatzean; inolaz ere ez dira sendabelar eraginkor euskalkikiki txiro eta txokoko huts bilakatu eta arduragabeki erabilitako horiek.

Baina gaitz erdi, baldin hainbeste defendatzen ditugun euskalkiak zer diren jakingo bagenu…! Gure hizkuntz tragediaren oihana ikusteko balia litezke, akaso! Ez zen XVI. mendeko Leizarraga bera izan arazo larri horretaz jardun zuen lehendabizikoetako bat? Nonbait “euskalkiak batuago zeuden” une hartan ez zuen, bada, Leizarragak ikonstatatu zer-nolako dibertsitate eta desberdintasun handiak zeuden ia etxe batetik bestera mintzatzeko moduetan? Zer esango luke, gure artean izango bagenu, oraingo egoeraz, linguistikoki (ere) sakabanatuago gauden honetan?

Eta irakaskuntzan euskalkiak erabiltzeari buruz? Araba eta Nafarroako zatirik handienetan zein euskalki aholkatuko liguke euskaraz modu naturalean irakasteko? Akaso Badihardugu elkarteak hain modu bitxian eratu dituen horiek izan genitzake irakaskuntzan baliatzeko eredu?

Zeren eta, gaztelaniaren adibide extenporaneoa harira ekarriz, honako egiaztapen hau eskaintzen dio Zuazok irakurleari: “Munduko beste hizkuntza handiek badauzkate estandar lokalak”. Berehalakoa, beraz, irakurleak atera beharko lukeen konklusioa logikoa: erabil ditzagun guk geuk ere estandar lokalak, Pello! Eta hain aberasgarria omen den tokian tokiko aniztasun antiekonomiko hau gainditzeko, ekin diezaiogun estandar lokalok fabrikatzen.

Horra hor, berriz ere, Badihardugu-ren Euskalkian idazteko irizpideak liburutxoaren testigantza: Deba Ibarrean bakarrik hamar bat eredu bateratu desberdin, nonbait eskoletan erabil daitezkeenak lau urteko umeek idatzizko testuetara modu naturalean hurbiltzen has daitezenean.

Antza denez (azken inferentzia da hau), estandar lokal horiek ez dute euskalkizaleek euskara batu estandarrari egozten dioten artifizialtasun-maila idorra. Bitxia, zinez.

5) Bestelako aurreiritzi edo premisa kontziente-inkontzienterik ukatu ere gabe, gutxienez gustu txarretik hurbilekoa da euskara batua sentimentuen transmisio-ezintasunarekin uztartzea.

Gure pozak, gure tristurak, gure haserreak, gure sentimenduak adierazteko” euskalkira jo behar badugu, non gelditzen dira euskalkirik ez duten euskaldunak? Bi aukera otutzen zaizkigu: edo ez daukate sentimenturik edo ez daukate sentimentuak euskaraz transmititzeko aukerarik. Alegia, diskurtso horren arabera, euskara batua darabilenak ezin du hori egin; hain da formala eta akademizista euskara batua, ezen ez baitu emozioetarako aukerarik eskaintzen.

Arazoa berehalakoxea dugu: eta euskaldunberriak? Non uzten ditugu euskalkirik gabeko euskara batua ikasten eta baliatzen ari diren horiek? Non uzten dugu euskararen etorkizuna den gehiengo ezin zabalago hori, beti eukaldunberritzat hartua izango omen den hori? Horiek ez al dute euskaraz sentimentuak azaltzeko aukerarik inoiz izango? Edota gordinago galdera: Uxueko euskaltzainak ezin du euskaraz sentimenturik azaldu? Eta Euskaltzaindiko idazkariak ere ez? Ba al dakigu zertan ari garen?

6) Euskara biziberritzeko eta iraunarazteko planteamenduek, planteamendu orok, egun diren euskaldun ikasiak eta etorkizunekoak izan behar dituzte beti ikusmiran. Euskaldunberriak, alegia; eta, gehiago zehaztuz, baita euskaldun berriztatuak ere, hizkuntza gutxitu honi haien bizitzaren zati inportante bat eskaini nahi izan diotenak eta eskaini diotenak, hain zuzen.

Haiek dira Euskararen benetako etorkizuna, eta ez inondik ere alfabetatzeko zirkinik ere egiten ez duten euskaldun zabarrak. Lehendabizikoekikoa beharko litzateke gure xamurtasuna eta begirune osoa, euskara ikastea, erabiltzea eta egiatan euskaraz bizitzea erabaki dutelako.

Akats larria da haiei, euskalkirik gabekoei, euskaraz sentimenturik ezin dutela naturaltasunez adierazi iradokitzea. Akats estrategiko larria eta gezurra da hori.

Euskaldunok zertan ari garen ez dakigula adierazten duen gezur estrategiko larria.

                                              (J.U.)

Seriotan, arren!

No comments

 

Zinezko enpatia sorrarazten duen ekimen euskaltzale baten korolario gisara, Euskaltzaindia proposatu izan zaigu euskararen esparruan (eremuan?) eskas omen dugun lidergoari heltzeko eta aurrerantzean euskaldun guztion gidari, sustatzaile eta animatzaile sutsu izan dezagun normalkuntzarako bidean.

Baietz erantzun dio Euskaltzaindiak erronkari eta, beste ezer hoberik ezean, “Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko mintegia” antolatu du otsailerako, Parisen burutu berria den klimaren inguruko batzarrean ez bezala, gure hizkuntzaren egoeraz eta etorkizunaz berandu baino lehen hausnartzen hasteko.

Esan gabe doa gaizki legokeela pentsatzea Hizkuntza Gutxituei buruz, Donostian, heldu den urtean, burutuko den bilkurari itzala egiteko baliatu nahi izan dezakeela sektore batek baino gehiagok Euskaltzaindiaren mintegia, eta, jakina, ez dugu horrela pentsatuko.

Soil-soilik elkarren osagarri izan litezkeela imaginatuko dugu, hemen, gurean, ez baitaude sobran hausnarketak eta errealitatea aldaraztera eraman dezaketen ekimen teorikoak.

Ongi etorriak, bada, guzti-guztiak!

Baina hori aitortu bezain azkar, bihoaz segidan hiruzpalau ohar litezkeen hausnarketetan laguntzeko, argi emateko eta, azken finean, Euskaltzaindiari horrelako erantzukizunak egotzi dakizkiokeen baloratzeko.

HIZKUNTZ EGOERA

Honako hau baino foro egokiagoetan plazaratu dira jadanik gure hizkuntzaren egoeraz hausnartzeko zioak eta irizpideak.

Baina gehiegi orokortzeko arriskuaz oharturik bada ere, argi dago Euskara –horixe baita hainbat euskaldunentzat GURE HIZKUNTZA– desagertzeko parametro latzenetan murgildurik dagoela. UNESCOk berak dio hori, ez guk.

Eta egoeraren larria hiruzpalau zertzeladatan erakutsi daiteke (honetatik at utziko ditugu faktore demolinguistikoei dagokien arazo larria, euskaldunok oraindik ez baitakigu zer den larrua eta haren garrantzia…).

Hona horietako zenbait.

  1. Indartsu sentitzeko eta agertzeko moduko hizkuntza bat eta bakarra izan beharrean –honetan, bederen, eredugarri izan behar genituzke estatu hegemonikoak–, gurean elkarren artean borroka doilorrean dauden bi moldetan banatua dugu euskaldungoa: noranahiko hizkuntza bateratu, gaitu eta aberats baten aldeko apustua egiten dutenak, batetik, eta identitate-emaile pueblerinoa eskaintzen duten hamaika azpikode txiro iraunarazi nahi dituztenak, bestetik. Edo beste modu batean adierazita, kultur eragile moderno, landu eta iraunkor izan nahi dutenak eta, pare-parean, nostalgiaz beteriko zabar analfabetoen multzoa. Hizkuntza estandarraren garrantzi linguistikoaz eta soziopolitikoaz ohartuak direnak eta, beste aldean, inolako etorkizunik gabeko hizkuntz akrazia sustatzen saiatzen direnak.

  2. Euskaldungoaren barnean bi komunitate antolatzen ari gara horrela, bi jarrera nagusi atzematen ari baitira gurean, maiz asko elkarren artean talka bortitza egiteaz aparte mugak sortzeko ere erabiltzen direnak: alde batean, euskaldunberriak eta euskaldun berriztatuak (kode artifizialekoak eta piperrik gabekoak, beste aldekoek diotenez), eta aurrean, berrehun hitzeko kode lokala, urria, zehazgabea, ikusmira laburrekoa duten euskaldunzabarrak. Euskaraz idazten saiatzen direnak, prentsa euskaraz irakurtzen dutenak, zuzentasunez aritzen direnak… eta, beste aldean, gaztelaniaz idatzi eta correo bezalako prentsa glotofagoak irakurtzen dituztenak, betiere zabarkeriari hizkuntzaren “naturaltasuna”ren estatusa ematen dioten bitartean. Azken finean, kode estandarrean ezin hobeto ibiltzen ikasi dutenak eta, aurrez aurre, herriko kode “natural” horren eskasiaren aurrean gaztelaniara jotzea nahiago dutenak. Bi jarrera-multzo, bi mundu, bi kontzepzio hizkuntzari eta haren etorkizunari dagokienez.

  3. Euskara irakatsi egiten da, haur-gazteei irakatsi, ez gehiengo zabala osatzen duten gainerakoei. Eta aski garbi erakusten ari gara horrekin noraino sartua dugun itxaropen kristaua gure odolean: iritsiko da eguna zeinean denok jakingo dugu euskaraz…

  4. Eta hala edo hola –gehiago hala, ezen ez hola–, ikasi ere egiten omen da euskara gazteen artean (bego beste baterako A bezalako ereduez aritzearena). Baina ikasita ere, gero eta gutxiago erabiltzen da.

  5. Eta, ondorioz, ez da erabilera-esparrurik finko sustatzen, ez eta berririk ere konkistatzen.

  6. Eta ohiko esparruetan erabiltzen denean ere, gainerako hizkuntzen (batik bat, gaztelaniaren) interferentziez josita uzten dute BEREN hizkuntza hiztunek. Berdin “euskaraz bizi gara” udalerrietan zein Ebro aldekoetan, berdin zaharren artean zein gazteenetan, berdin emakume zein gizonetan.

  7. Antzerki total batean bizi gara euskaldunok, simulakro huts batean eta, antza denez, gustura bizi gainera, itxaropen idiotiko batean, inoiz euskara normaltzea esperoko bagenu bezala, berez normalizatuko balitzaigu bezala.

Esan bezala, irakaskuntzarako hizkuntza huts bilakatzen ari gara euskara. Haurrentzat baino ez da derrigorrezkoa; beste inon ez da ezinbestekoa, ezta beharrezkoa ere; ezta arnasgune bide diren gune euskaldunenetan ere.

Gehienik ere, “puntuatu” egiten da oposaketa zenbaitetan. Beste kontu bat da euskara “puntuatua” izan duten horiek gero eramango duten praktika, gizartearen inoizkako presio lausoa kenduta, inongo agintarik ez baitie ezer eskatuko.

Eta dugun hizkuntza politika euskaltzaleak –momentuz EAEkoa besterik ez baitugu– balio duena baino ez du balio: hogeita hamabost urte arian eta gero… euskara normalizaziora eramateko lidergo baten premia aldarrikatzen!

Heu, heu, ubi est auxilium meum, ubi est Salvator noster?

LIDERGOAREN BEHARRA

Zalantza izpirik gabe, EAEn Eusko Jaurlaritzak du hizkuntza lidergoaren erantzukizuna. Eta Nafarroan, bertako gobernuak (bestelakoa da Iparraldeko egoera, eta bestelako tratamendua behar litzate horretan ere).

Besterik ezarri bitartean, horrela dugu antolatuta mendebaldeko demokrazia direlakoetan: gobernuek dute gizartea arautzeko eta bizitza ziurtatzeko erantzukizuna, eta gobernuek dute, besteak beste, hizkuntzen gaineko ardura nagusia.

Egia da Gizarteari berari dagokiola azken erantzukizuna, baina ezaguna da, orobat, Gizartea izaki abstraktua baino ez dela ardura zehatzak hartzeko orduan. Eta benetako eragileak, eragile zehatzak behar dira horrelako dinamik sozialetarako. Haiengan delegatu ohi da erantzukizun soziala. Eta horrela dugu guk ere laurogeiko hamarkadaren hasieratik ezarria.

Beraz, Euskararen indarberritzeko prozesuan ardura, hala edo hola onetsia litekeen bakarra, instituzio politikoena da, EAEn Eusko Jaurlaritzarena. Eta ez, inolaz ere, Eusko Ikaskuntzarena edo Euskaltzaindiarena.

INSTITUZIOEK KONTROLATZEN EZ DITUZTEN LIDERGOAK

Gobernu politikoen ahuleziak eta gabeziak direla eta, Herri honek mila modu interesgarritan artikulatu nahi izan du orain erreguka bezain era desbideratuan eskatzen ari garen lidergo hori.

KONTSEILUArena izan da premia horren azken gorpuzte esanguratsua, erdi zapuzturik geratu dena, egia aitortzeko.

UEMA bera ere (erakunde publikoetatik hainbeste eta hainbeste laudatzen diren “arnasgurne” horietatik beretatik sortutako lidergo-ekimena) eginkizun osagarri horretan lebilke torpedeatze politiko zuzenik izan eta izango ez balu.

Zeren eta gogoratu beharrekoa da ekimen horiek guztiak jaiotzezko eragozpen batekin gizarteratzen direla Herri honetan. Ia salbuespenik gabe, gainera.

Alegia, instituzioetatik kontrolatzen ez diren pisuzko mugimendu autonomoak inoiz ez dira izan orain arteko gobernarien (ez da toki guztietan hala gertatzen, baina gurean bai) gogoko. Batetik, gobernariek kontrolatzen ez dituztelako, eta, bestetik, protagonismoa eta are, ekimena bera ken diezazkieketelako. Eta hori ez da onargarria haientzat.

Egunotan oroitarazi digute, esate baterako, Egunkariaren sorreraren kontua, eta alfabetatze-erakundeena, eta beste zenbaitena.

Hori dela eta, hemengo politika instituzionaletan ohiko bilakatu da mugimendu autonomo oro printzipioz susmagarritzat hartzea eta, ondoren, haien aurka jokatzea, faktore eragileak hizkuntzaren normalkuntzaren atalekoak badira ere.

Odol kutsatu gabearen proba gainditu behar izaten da nahitaez hemen, eta betiere DNAren baitako kromosoma zenbait alde batera okertuak daudela erakutsi. Hori frogatu bitartean, hobe urkamendia begi-bistatik ez galtzea.

Gurean, bai EAEn eta bai Nafarroan, odol mota horretako bizpahiru erakunde baizik ez lirateke susmagarri –eta, gero, urkamendira eramanak– gertatuko.

Zein diren horiek, euskararen inguruan dihardutenak, hizkuntzaz interesatuak, transkomunitarioak eta nolabaiteko suzi sinbolikoa bederen har lezaketenak?

Europako hizkuntza gutxituen kongresuaren antolamendua zela eta, egungo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak Donostiako 2016 Fundazioari jarri zioten helegitearen inguruan eta inguru-abarretan aurki daiteke erantzuna: Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza (EHU ere aipatua izan zen, baina, gure kasu honetarako, ez du betetzen hedapen geografikoaren baldintza), haiek izan baitziren zinezko erakunde aseptiko, desideologizatu, neutro, garbi, inpoluto gisara proposatuak.

Ordurako hartan buru-belarri ziharduen Kontseiluari, berriz, pedigree nahasi-susmagarria antzematen zitzaion.

ZER DA EUSKALTZAINDIA?

Demokratikoki aukeratua ez den erakunde teknikoa, hizkuntzaren corpusaren problematika bideratzeko sortua. Hori guztia, baina ez besterik.

Ez da, beraz, hartan sofokraziarik edo nookraziarik ikusi behar. Haren eginkizuna, filologikoa, gramatikala, literarioa, arauemailea da. Eta kitto. Eta asko da hori guztia betetzen badu.

Eta ez da gizarte baten lidergo politiko-linguistikoaren lekukoa atzinatzeko jaioa.

Eta ez dugu horretarako nahi.

Arrazoi askorengatik.

Esana dugu lehena: gizarte moderno batek ezin ditu demokratikoki hautatua ez den jendearekin zeharo politikoak diren ekimenak onetsi. Bizitza guztirako hautatuak diren euskaltzainek ez dute zertan ontasunaren, garbitasunaren eta zuzentasunaren prsuntzioa izan. Eta, geroago ikusiko dugun moduan, bada mendea betetzera iritsi daitekeenik.

Gainontzeko jendea bezalakoa da gizarte-hautuetan eta politika-hautuetan. Badira gaztelaniazko kazetak gogokoago dituztenak beren artikuluetarako, eta badira euskal herri-mugimenduetan txertatuago daudenak; badira egungo gobernuan dagoen alderdiarekin lotura ezin estuagoak dituztenak, eta badira bestelakoak ere; bada gizarte eta kultur lobbyetatik ezin hurbilago dagoenik eta ia ez dago –adibide bat besterik ez da– Kontseilura hurbildu ere egingo litzatekeenik; badira Euskara lanbide aseptiko bilakatu dutenak, beren esparru espezializatura mugatzen direnak, hizkuntzaren estatusaren arazoa beren eraginetik urrunegi ikusten dutenak, eta baita, nola ez, hizkuntza gutxitu honen errealitatea aldarazten urteak eman dituztenak ere.

Nahasiegia egoera, inork hautatu gabe, gizarte-lidergoa har dezaten.

Baina ez da horretan bukatzen eragozpena. Bada besterik.

Eta ez dugu hona ekarriko erakunde publikoetatik jasotzen dituen laguntzek sorraraz liezaioketen herstura larriaren arazoa.

Askoz ere grafikoagoa den beste batekin bukatuko dugu atal hau.

2015eko amaieran, euskaltzain gazteenak 53 urte ditu eta zaharrenak 94 urte.

Une honetan dauden hogeita zortzi euskaltzainetatik erdiak 65 urte baino gehiago ditu, eta hurrengo hilabeteetan beste hiruzpalau gehiago iritsiko zaizkie adin probekto horretakoei.

Datu esanguratsua: euskaltzainen batez besteko adina 66,68 urtekoa da.

Gerontokraziak, jakina, beti izan dira interesgarriak, baina lidergo sozialetarako odol gorriagoa behar izaten da oro har. Zer esanik ez, hizkuntza bat berpizteko lidergo sendo eta irmoa proposatzen denean.

Gauzak horrela, noren gainean gera liteke, bada, Euskaltzaindiari urrezko azpiltxoan eskaini nahi zaion lidergo horren zama?

Zalantza gutxi horretan: ia ofizioz bezala, bizitza guztia lanbide hori izan duen euskaltzainari egokituko litzaioke hizkuntz estatusaren estrategia eta planifikazio teorikoaren prestakuntza. Alegia, orain artean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Plangintzetan aritu izan dena. Serioa eta eraginkorra, zalantzarik ez, baina dagoeneko ezagunegia dugun plangintza markets eta narriodun baten artifizeetako bat izan dena eta, areago, Jaurlaritzak egiten duena errepikatzetik urruti ibiliko ez litzatekeena. Irizpideak ezagunak bezain aldagaitzak ziurrenik: diglosiaren premia aldarrikatzen dutenak, kanpoko zein bertako hizkuntzen bizikidetza derrigortutik harago sinesten ez dutenak, hizkuntza politikaren gakoa etxeko trasmisioa ziurtatzera eta familia eta auzo euskaldunetarako sistema defentsiboa baino proposatzen ez dutenak… Eta, okerrago dena, ustez –nahiz presuntzio hutsa baino gehiago den–, egungo Politika gubernamentala berbideratzeko, azeleratzeko, aldarazteko –ez diogu, noski, haren aurka altxatzeko– nekez balio lezaketenak.

Amets txiki eta kamustuegiak eta duplizitatez beteak, nonbait, proposatzen den hizkuntz lidergoa Euskaltzaindiari oparitzeko.

Ez, beraz, gaineratu Euskaltzaindiari hizkuntz corpusaren arazoak bideratzeko eginkizunetik aparte dagoen beste ezer.

Aski luke horrekin guztiarekin eta dagoeneko Jagon sailari ezarriak dizkion helburuez gehixeago arduratuko balitz (euskara sustatzea, erabilera zabaltzea eta hiztunen eskubideak zaintzea), horiek betetzeko ezintasuna erakutsi duelako sortu baita, azken batean, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Kontseilua eta beste.

Eta eskertzekoa litzateke, halaber, hizkuntzaren estatusari buruzko etengabeko hausnarketa-lerro bat ireki eta, hartan, litezkeen hizkuntza politika guztiekin irmo eta kritikoki jokatuko balu.

Euskaltzaindiari ezin zaio konpromiso gehiago eskatu.

Edo bai?

NOLA JOKA LEZAKE EUSKALTZAINDIAK?

Bestelako lidergorik hartu gabe ere, Euskaltzaindiak baluke bere partida hizkuntzaren beste hainbat esparruetan jokatzeko aukera.

Lehenik eta behin, Euskara estandarrari une honetan ematen ez zaion garrantzia ematen eta bere baitan lan pedagogikoa egiten.

Erakunde gisa akaso bai, baina banaka harturik, asko dira oraindik horretaz jabetu ez diren euskaltzainak.

Nik nerea egiten det; euskara batua euskaldunberrientzat”, “literatur bizkaiera behar dugu zubitzat” eta “ene deitura Haspicoetcheberryaguerre da” –aipuak ez dira literalak, jakina– bezalakoak ohiko dira oraindik euskaltzain zenbaiten ahoan.

Horrelakoekin ez da amankomunean (barka bekigu, baina ez gara ausartzen Euskaltzaindiak preskribatutako “komunean” esaten, zenbaitetan horrela bada ere), hots, horrelakoekin ez da amankomunean omen dugun hizkuntza bultzatzen, ez indartzen, ez sustatzen.

Inork besterik uste badu ere, sasieuskalkiak potentziatzen dira horrela, inora ez garamatzan akrazia linguistiko baten barnean kokatzen gaitu horrek. Baina ez dugu hemen, bidenabar bada ere, euskalkiei eta azpieuskalkiei eta euskalki osatuei eta beste euskalkikiei buruz mintzatzeko betarik. Jokamolde batzuek ahalbidetzen dituzten joerak nabarmentzea baino ez dugu nahi hemen. Zeren eta, inor gutxi ohartu bada ere, joera horiekin pribilegiatu egiten dira ezer ikasi nahi izan ez duten hiztun zaharrak, berdin zabarrak zein bostehun hitzeko mintzalari analfabetoak. Zuritu egiten da hiztun kezkagabe horien narraskeria txokofonikoa (luzaroan derrigortutako hizkuntza hegemonikoa erabiltzean inolaz ere agertuko ez luketena, bide batez esateko).

Eta betiere, euskara lantzen eta ikasten milaka eta milaka ordu sartu dituzten euskaldunberri estigmatizatu bezain ezinbestekoen kaltetan.

Horixe da egiten ari garena, egiten ari direna.

Bestelako lidergorik hartu gabe ere, Euskaltzaindia bezalako erakunde batek ezin du inolaz ere ahantzi bizirauteko formulatzat onetsi zuela Herri honek hizkuntzaren estandarizazioa. Eta Herri honek euskararen batasunaren aldeko apustua egin bazuen, hartara bideratu beharko lituzkete urrats guztiak erakunde orok, horixe baita, inguruko Estatuek aspaldi ikasi zuten bezala, hizkuntza baten arrakastaren lehen gako nagusia.

NORI DAGOKIO LIDERGOA?

Erkidegoetako gobernuei dagokie lidergo hori hartzea.

Demokratikoki aukeratuak izan dira gauza publikoa kudeatzeko eta, tartean, bertako hizkuntza gutxituaren normalkuntza prozesua bideratzeko.

Ez Euskaltzaindiari, baizik eta EAEko eta Nafarroako gobernuei dagokie euskararen estasusaren ardura. Haiena da planifikatzeko erantzukizuna.

Hori bai, ahalik eta demokratikoen jokatuz eta, Euskararen Aholku Batzorde politikoki ezin interesatuagoak gorabehera, euskararen normalkuntzan diharduten erakundeei parte hartzeko aukera errealak eskainiz.

Utz dezagun, beraz, Euskaltzaindia estatutuen arabera dagozkion eginkizunak betetzen.

Jar ditzagun abian Hizkuntza Politika eta Plangintza ororen kontrola, ebaluazioa eta kritika egiteko erakundeak.

Guztiok irabaziko genuke horrela, besteak beste posiblea litekeelako Hizkuntza Politika ilusionagarriagoa eta Hizkuntza Plangintza eraginkorragoak burutzen hastea. Eta agian, bidenabar, Euskal Herrian euskaraz aritzea normaltzen has litekeelako.

                                       (K. S.)

Hau ez da Petra Laszlo!

Hau Europa da.

 

Europa bera.

degraciaita

Kapitalaren Aberria,

Espektakuluaren gurtzailea,

Malko handi eta bihotz lehorreko piztien gordelekua.

 

(K.M.)

 

Orotara, ez dira 40.000 hiztun izatera iristen hizkuntza indigenoetan mintzo direnak.

Gainera, ahaide diren arren, 20 bat hizkuntza desberdinetan banatuak daude. Hau da: batez beste, 2.000 hiztun baino ez dauka hizkuntza bakoitzak.

Hiztun horiek, jakina, ez daude hiriguneetan bilduta, Alaskak dituen 1.718.000 km2etan sakabanatuta baizik.

Horrexegatik gorde dituzte, besteak beste, beren hizkuntzak.

Estatubatuarrak izaki, zeharo bereganatuak ditu inperioko hizkuntzak gainontzeko 700.000 biztanleak. Bereganatu egin ditu eta, are gehiago, itsu bilakatu ditu, aldi berean, bertako hizkuntzek bizirik irauteko dituzten arazoekiko.

Ez da harritzekoa: inperioaren legea baino ez; inperio guztien legea.

Orain (atzo), hauteskunde-interesak tarteko, hara non datorren lagun anglofonoa Ipar Amerikako mendi garaienari kolonizazio-izena aldatuko dutela iragartzera: hemendik aurrera ez da Mount McKinley deituko. Aurrerantzean, bertako indigenek erabili ohi duten izen bera jarriko dio lehendakari amerikarrak mendiari: DENALI.

Eta prentsak, gurea barne, horri emango dio garrantzia; horri baino ez titularra. Horrexek eramango du argazkia.

                                                                                                                        (J.U.)

Hirurogeita zortzi urte igaro dira faxistek ekainaren 25 ertun hartan Lauaxeta hil zutenetik.

Goizeko 5,30etan fusilatu zuten Estepan Urkiaga Gasteizko Santa Isabel hilerriko hormaren kontra.

Bai, iparreko hormaren itzalpean fusilatu zuten militante abertzalea, bere Bizkai maitea babesten zuen Gorbeia mendiari harrotasun-keinu bat eskaintzen zionean.

Periko nekez jabetu zen gertatera haren garrantziaz, zazpi urte eskas baitzituen orduan. Gainera, faxisten bonbardaketek minduak zituen belarriak hilabete haietan.

Gernikako bonbardaketak Lauaxeta kementsuaren buru-bihotza bezalaxe. Horrexegatik atxilotu zuten sarraskiaren tokian. Eta horrexegatik sartu zuten heriotzaren kaiolan poeta ere bazen militante euskalduna.

Itzal doilor haietan nortu zen Periko gaztea.

Isuritako odol haietatik loratu zitzaizkion Perikori euskal gizarte berria eraikitzeko esperantzak eta indarrak.

Herenegun hurbilean hil zigun faxismoak Lauaxeta gaztea, askatasunaren aldeko borrokan jarduteagatik.

Atzo joan zitzaigun Solabarria, faxismoaren aurkako lubaki guztietan borrokatu ondoren.

Bi-biak anaiak eta Herri beraren seme izanik.

Biak askatasun-katea beraren begi izanik.

Negar-garaia borrokaren eta itxaropenaren garaiarekin uztartzen zaigu berriz ere.

Oraingoan, baina, Lauaxetaren olerkiak eskuetan ditugula.

Agur eta ohore, Periko!

Agur eta ohore, Estepan!

 

(K.M.)

 

 

Guztiz egokiak gaurko prentsaurrekoan Gaizka Garitanok erakutsitako duintasuna eta balentria.

Non, eta Almerian gertatu behar, bertako kazetariak, paradoxikoki, protagonista izan direlarik.

Hizkuntz aniztasunaz ezer jakin nahi ez duten kazetari monolingueak, por supuesto!

Hizkuntzekiko mirespena ez ezik, beste hizkuntza horien hiztunekiko begirunea zer den ere ez dakiten gaztelaniadun hutsak.

Partida galdu ondoren prentsaurrekoa emateko prest agertu da Garitano.

Eta euskaraz egindako lehen galderari euskaraz erantzuten hasi da. Baina hara non, bertan zeuden kazetari inperialak ezin isilik egon, eta txutxumutxuka eta protestaka hasi dira lehen hasperenean.

Ozenki, gainera, hangoa beren erresuma propioa, hizkuntza almerianoa baino ez duen erresuma propioa zela argi uzteko.

Katalanekin inoiz egin ez dutena, euskaldunekin egin behar!

Euskal deituren kontura barre (“sanoa” diote haiek) egiteko prest, baina deitura horiek sorrarazten dituen hizkuntza, berriz, gorroto.

Hizkuntz espainolismoaren fruitua ala Estatuaren zentralismoak eta haren kume probintzianoek barreiatzen dituzten hazien adaskak?

Entrenatzailea, ordea, une orotan duin.

Agur eta ohore, Gaizka!

                                                  (K.S.)

 

Resultado de imagen de teleberri

 

DIAGNOSTIKOA

ETB1-ek ez du arazorik euskaraz entzuteko hautua egiten duten ikusle gizagaixoei gaztelania bortitzena ere entzunarazteko. Eta frantsesarekin, ingelesarekin, errusierarekin, alemanerarekin… ez bezala, inolako itzulpenik edo bikoizketarik gabe sarri askotan.

Egoera soziolinguistikoa aitzakia, ETB2-k ez du eragozpenik euskaldunak gaztelaniaz mintzatzen jartzeko. Etxalarko artzaina bada ere.

PRONOSTIKOA

Orain, euskararen arnasgune diren eskualdeetara doanean, elkarrizketatuei erdaraz egiteko ez eskatzea da ETB2-ri erregutuko zaiona. Eskualde horietan, bederen!

ETB1-ek ez bide du konponbiderik, ordea. Euskaraz bizi nahi duen euskaldunak hispanitatearen soinua dastatzen eta gozatzen segitu beharko du euskara hutsezkoak omen diren telesaioen aurrean.

DONOSTIKOA

Kanpainak kanpaina, ez dadila telebista-ikusle euskalduna asaldatu, dena baitago lotua eta aurreikusia euskararen erabilera babesteko eta normaltzeko Plangintza Sakraturen baten orrietan. Denbora kontua baino ez da.

Alegia, hogei urte barru arazo linguistikorik ez!

AGNOSTIKOA

Ora pro nobis!

                                                           (J.U.)

Tresna-barrara saltatu