Klig

Komunean leituz ilustratzen gara

Browsing Posts published by klig bloga

 

Euskara batura ez ginen kasualitatez iritsi.

Ekimen adoretsu eta lan luze eta sakon baten ondoko emaitza da euskara batua.

Eta ez zen eta ez da, ez, euskara batuak zer zekarren ez zekienik.

Herri oso baten mintzabidea, adierazpidea, komunikabidea.

Herri sakabanatu baten bateratzailea, lokarria.

Garbi oso zeukaten hori guztia hartan burua, denbora, ardura eta jakituria jokatu zituztenek.

Eta garbi asko geneukan eta daukagu hori guztia hiztunok ere, euskaldun zahar, zaharberritu zein berriok.

Euskaldunok euskera bakar bat behar dugu, zioen Txillardegik. Euskalkietatik euskerara pasa arte, euskerak ez du balio ez elkar ulertzeko, eta ez kultura-bide izateko.

Eta argi genuen non zegoen koxka nagusietako bat ere. Ezin garbiago azaltzen da Mitxelenaren hitzetan:

Batasunak, edozein batasunek gero, galera berekin dakar: ez da, hasi berrian behintzat, inoren ‘amaren hizkuntza’ izango, esperanto-usaina itsatsiko zaio noraezean, ñabardura aberatsik gabe agertu beharko du jendartean. Zer dugu, halaz ere, hobe? Horrelako euskara eskasa ala inolazko ez dena, hilik datzalako?” (“Pro domo” artikuluan).

Eta, halaz ere, aurrera egin genuen, bestela jokatuz gero zer zetorkigun bagenekielako.

Eta, badaezpada ere, mezu ulerterrazak barreiatu ziren han-hemenkako kaxkagogorrentzat. Horrela zioen, berbarako, Txillardegik:

Edozein herritan hizkuntza bakar bat idazten da; hizkuntza bakar bat erabiltzen liburuetan, prentsan, adinistrazioan, telebistan. Edozein herritan, nik dakidalarik, hizkuntza bakar bat erabiltzen da eskoletan”.

Eta bereziki zehaztuta utzi zien mezua:

Andaluzian, egia ote da españera baino lehenago haurrek Andaluziako dialektuen bidez ikasten dutenik? Ez dut inoiz horrelakori entzun”.

 

 

Orain, mende erdi beranduago, ordea, lehengo mahaspasak ereitera etorri zaigu Plaza Barrian besaulkia izateak ematen dion irismenaz baliatzen den Adolfo Arejita akademikoa. Eta supazterreko mintzo goxoan edo inguruetako kale-hizkuntza naturalean barik erdara batu-batuan mintzatu da Deiako pulpitutik (2014/12/13):

¿Cuál sería el mayor contratiempo del euskara batua?

El problema viene a la hora de ensamblar los dialectos. Nosotros apostamos por una aproximación progresiva. Entre el lenguaje oral y el euskera unificado es conveniente tener un puente de relación que aproxime a ambos extremos. Ese puente, en nuestra opinión, sería el denominado vizcaíno literario.

¿Qué pasa con los euskaldunes que no saben desenvolverse en batua?

No saben relacionar su manera natural de hablar con el euskara batua. Es un poco triste y significa que tenemos que seguir trabajando en ello.

¿Cuál es el mayor desafío que tiene el euskera por delante?

Las nuevas generaciones, pero no por el hecho de que aprendan euskera. El euskara batua es necesario, pero los euskalkis son el corazón. Si eso se va debilitando tendremos un porvenir oscuro, porque puede que haya muchos hablantes que sepan euskera, pero serán hablantes pasivos, que entienden pero que no lo utilizan salvo en determinados entornos formales.

 

 

Kezka, tristura eta esne txarra nagusi horrelakoak irakurtzean.

Eta galdera sorta bat jarraian:

Ba ote daki akademiko horrek, benetan, zer dioen?

Zer dela eta mintzo da euskalkiari eta euskara batuari buruz “ambos extremos” bezala? Zeren mutur dira?

Eta zenbat mende gehiago beharko du “aproximación progresiva” delako horrek ezinbestekoa dugun hizkuntz bateratzera iristeko?

Zer egiten du euskaltzain batek hori guztia zuritzen?

Mesedez…!

Eta nola ulertu behar da delako “los euskaldunes que no saben desenvolverse en batua” galdera maltzurrari ematen dion erantzuna? No saben relacionar su manera natural de hablar con el euskara batua”?

Baina saiatu al dira euskaldun horiek inoiz euskara bateratzailean murgiltzen? Saiatu ote dira bizitza guztian ordu pare bat behintzat euskararen inguruan zerbait ikasten? Saiatu al dira inoiz, El Correo gabe, Egunkaria edo Argia bezalako agerkariren bat irakurtzen? Egia ote da dena delako “vizcaíno literario” asmatu horretan sakontzen pasatzen dutela existentzia?

Eta zer begirune mota die akademikoak gure hizkuntzaren etorkizunaren berme diren euskaldun berriei? Zer saltsa-maltsa antolatu nahi du euskara batuaren eta hiztun pasiboen identifikazio tentel horrekin? Euskara batua eta euskalkiak ere ikasten hasi beharko dugu guztiok orain?

Hori al da euskara batzen hasi zenetik mende erdira atera behar dugun konklusioa?

Non dabil?

Ulertu al du ezer hizkuntzaren batasunaren premiaz eta arazoaz? Ala duela berrogeita hamar urteko eztabaida burugabe haiei ekin nahian ote dabil berriro?

Are gehiago, maiestatikoa ez bada ideiengatik behintzat ez dagokion erabilera, nor dago aipatzen duen “nosotros” horren atzean? Noren izenean mintzo da? Literatur bizkaiera bezain natural-naturala den plastikozko zubi proteiko baten eraikuntzan diharduen erakunde bazkaltiar baten izenean akaso?

Zertan dabil orduan Euskaltzaindian? Zer egiten du Akademian?

Euskaltzain izan daiteke horrelako adierazpenak egiten dituena?

Noiz arte eta zergatik jasan behar ditugu tamaina horretako purrustadak geure hizkuntza bateratuaren etorkizunaz buru-belarri arduratu beharko lukeen euskaltzain baten aldetik?

Eta Euskaltzaindiak ez du ezer esateko? Isil-isilik geratuko al da horren aurrean?

 

                                                  (P.M.)

 

 

Xabier Lete oso poeta fina da. Eta sakona, gizaberearen katramilei dagokiela.

Musikari bezala ere, bikaina.

Ez horrenbeste, akaso, kantari moduan, nahiz eta haren estilo hautsia geure-geurea egin dugun eta, jadanik, ona ere iruditzen zaigun haren ahots lakarra.

Filosofo bezala, berriz, zalantza gutxi: pentsamendua garatzeko, egokiago alemaniar erromantikoak hautatzea. Eta zer esanik ez filosofia politikoaren esparruari bagagozkio.

Bada, ebidentziari ifrentzua bilatuz edo, filosofia ongi ikasia behar zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Lete nahiago du filosofo politiko gisa bere eguneroko jardunerako.

Azken Bat. Soziolinguistika aldizkarian kaleratutako artikuluan aitortua (43-55).

Eta aitortzeaz gainera, kolonialismo eta inperialismoaren aurkako borroketan etengabe injektatu nahi izan ohi den erresignazioaren filosofiaren estiloko bat garatu du gero lau lerrotan. “Amets txikien iraultza” deitu dio asmakuntzari.

Eta kontua behar bezala argitzeko, Leteren “nik ez dut amets haundirik” bertsoak baliatu ditu, filosofia berriaren muina ondo ikasi beharreko katixima baten modura lerrokatuta emanez:

Ametsik bai? “Bai”, litzateke erantzuna, ezbairik gabe emana (…) Nolako ametsak, ordea? Handiak? “Ez”, litzateke erantzuna, hau ere ezbairik gabe. Ametsak bai, amets txikiak baina (50)

Profetikoa? Apokaliptikoa? Dogmatikoa?

Zalantzarik gabeko axioma dibinoen parekoa behintzat, bai.

Baina gauza txikien jainkoa asko poztuko balitz ere adierazpen horiekin, bihurri samarra ere izan daiteke irakurlea zenbaitetan eta, halabeharrez edo, hiru asmo ilun susma litzake ezkutaturik apaltasunaren filosofia horrekin garatutako diskurtso laburrean.

Lehendabiziko susmoa, ea filosofia aingerutiar horrek ez ote duen hogeitaka urteko hizkuntza politika odolgabea zuritu nahi izango, egindako eta egin gabeko guztia taxuzko, naturazko eta logikoena bezala agertuz.

Ildo horretan, “hazkunde jarraitu baten kronika da euskararen gizarte bilakaerarena azken hiru hamarkadotan” esaldia kontzientziak lasaitzeko asmakeria azkarra da, autokonplazientea eta errugabetzen duena, hain zuzen. Eta berdin-berdin jokatzen jarraituko dutela adierazteko esapide perfektua, alegia. Eta ondorioz, aise pentsa lezake irakurleak politikagile horien pairatzaileei ere jardun politikoa eta linguistikoa lasaitasunez hartzeko gonbita egiten zaiela aldi berean, “hazkunde jarraitu” bat izango baita etorkizunekoa ere.

Baina “hazkunde jarraitu” horren kronikariari –pentsa dezake irakurle maltzurrak– segurua da ahaztu zaiola euskalduntze-alfabetatzeaz arduratzen ziren euskaltegien kontrako jokaldi ofizialak apuntatzea, eta euskarazko lehendabiziko egunkariaren aurkako kanpaina instituzionalak, euskarazko telebista publikoa inanizioz hiltzen uzteko arduragabekeria ziruditen erabaki politiko trinkoak… Eta seguru-seguru da ahaztu egingo zaiola kronikari horri aurrekontu berriekin euskarak (eta tartean, euskarazko egunkari nazional bakarrak) pairatu beharko duen murrizketa ere kontatzea.

Are gehiago, egindako eta egin gabeko guztia zuritzeko ahalegin horretan irakurle madarikatuak irakurri du kronikak islatuko ez duen esperpentoraino iristen direla kontuak. Esate baterako, euskara administrazioan normaltzeko deitu duten Plangintzaldi horietako azkenaren ebaluazioak ezin hobeto erakusten du zer-nolako zafarrantxoa (kaosa, hobe) duten Eusko Jaurlaritzako agintarien esku dauden erakundeetan ere. Ebaluazioa ere horralakoa atera omen da, oraindik ez baitakite “administrazioetan euskararen erabilerari buruzko helburuak zein neurritan bete diren”.

Arrazoiak ezin garbiago mintzo dira “amets txikien iraultza” horren hizkuntz politikaz eta planifikazioaz: “administrazio guztiek ez dituzte erabilera planak definitu”, “erabilera planak definitu dituzten guztiek ere ez dituzte helburuak modu berdintsuan kuantifikatu”, “entitate guztietan erabilera planak ezartzeko erabilitako irizpideak ez dira beti berdinak izan”, “batzuek entitate osorako plana egin badute ere, beste batzuk lehentasunezko ataletan eragitera mugatu dira”.

Duela urte eta erdi kaleratutako IV. Plangintzaldiaren Ebaluazio txostenetik atereak guztiak (12. orria).

Baina horren guztiaren segidan, irakurle gaiztoak lehen begiratuan ikusten ez den beste kontu bat ere atzeman lezake amets txikien iraultza horren azpian, euskaldunon gogoan sibilinoki eta subliminalki beste zerbait ere injektatu nahi duen xedea agian. Hots, bestelako proiektuetarako ere amets handietan ez sinesteko filosofia geureganatu behar dugula defendatzen duena, errealismoaren filosofia erabili behar dela dioena, iraultzak pausoz pauso egiten omen baitira, inor ere haserretu gabe, guztiok elkarrekin eta eskutik loturik, denak lorez inguraturik… Izan ere, gauza txikien eta haundien Jainkoak ez molestatzeko eta haien irribarre paternalista sorrarazteko moduan jokatu behar da beti.

Eta gaizto-gaiztoa balitz irakurlea, beste mezu bat ere antzeman lezake aipatu lerroen artean gordeta, orain arteko agintariek sistematikoki jorratu duten estrategiaz mintzatuko litzatekeena. Mezu garbia: amets txikien filosofiarekin kudeatu dira politika guztiak eta hala kudeatuko dira aurrerantzean ere.

Eta berrikuntzen premia maiz eta asko aipatzen duten arren, denboraren larritasunaren nozioa galdua duen adore narrastari horrekin segituko dute politika guztiak inplementatzen, hizkuntzaren ingurukoak zein gainerakoak, amets handiek kolapsatu egin baititzakete gurea bezalako Herri txiki baten burua, gorputza eta arima.

Subiranotasuna, Herri bateratua, Herri normaldua… gauza handiegiak dira baita amets izateko ere.

Baina zer esan liezaioke irakurle xumeak, erdal elebakarrez inguratuta eta haien lobby monolingueek (baldin lobbytzat har badaitezke lege espainolak, armada espainiarrak, gobernu zibilak eta beste) kolonizatuta egonik, “gaur egun ez dago euskaldun elebakarrik gure arteanzorionez, gaineratuko nuke nik” baieztatzen duen Euskararen Normalkuntzarako Politikako arduradun bati? Zer aholka lekioke euskaldunak elebidun gaztelaniadun (baina ez ingelesdun, arabieradun, alemanieradun, txineradun…) ikusteagatik pozten den amets txikiko iraultzaile horri?

Akaso, paulocoelho gutxiago eta hausnarketa pausatuagoak egiteko, Machiavelli eta Hobbesen laguntzarekin hasita, nahi bada; eta noizean behin, ez derrigorrez Fannonekin, jakina, baina bai agian Person, Calvet, Cabrera eta besterekin… hondartzaratzeko eta amets egiteko.

Ametsen zerumuga zabaltzeko lehen urratsa, nonbait.

                                           (K.S.)

 

Aunque a muchos nos lo puede parecer, Iribas no es tonto.

Iribas tampoco es gilipollas, aunque a muchos nos lo pueda parecer.

Lo que Iribas es, aun cuando con su carita de angelito opusero de Comunión-Liberación no nos lo parezca, es un mamporrero.

Sí, mamporrero de unos intereses ideológicos muy concretos y definidos que, con ayudas diversas, incluidas unas supuestamente socialistas, pretenden convertir en no-vasca a la genuinamente vasca Navarra. Esta Navarra de donde tomó nombre la lingua navarrorum de la que todos los vascoparlantes se sirven, incluidos los no-navarros de esa realidad llamada Euskal Herria.

Pero además de mamporrero, es manipulador Iribas el consejero.

Sí: Iribas manipula todo aquello que no agrada a su universo ideológico.

Y lo hace de manera muy constante, el consejero.

De hecho, lleva varios años intentando, a voz en grito, que “esa entelequia de Euskal Herria” desaparezca de “su” Navarra upenera. Por cierto, una definición, esa de entelequia, que pretende utilizar con el significado de su reduccionista acepción en el diccionario de la RAE, y no en su primigenio sentido aristotélico o en el de las lenguas cultas circundantes. La neurona del consejero necesitaría mucho entrenamiento para ello.

Porque, además de mamporrero y manipulador, es ignaro e ignorante Iribas el persistente. Un ignorante machadiano, uno de esos miserables que, envueltos en sus harapos, desprecian cuanto ignoran.

E ignora no poco, el consejero. Y, consiguientemente, desprecia en proporción geométrica todo lo que, por oídas al menos, le suena a Euskal y a Herria, a Vasco y a Nación.

Y desprecia, tanto como ignora, la lengua de sus antepasados, y su historia, y su costumbres, y sus relaciones y parentescos, y sus deseos… y, cómo no, ignora también lo producido por los primeros y más grandes escritores clásicos vascos de La Entelequia, que, casualmente –maldición!–, eran navarros.

Ignora que fue el navarro-navarro Bernard Etxepare, originario de Sarasketa y residente en Donibane Garazi (sí, el San Juan Pie de Puerto de los Iribas monolingües), el primer escritor vasco del universo universal y el primer poeta adorado por todos los vascos, incluidos los de La Entelequia.

Ignora que el fiel súbdito nordista de los monarcas de Navarra, el insuperable Joanes Leizarraga, citaba ya en 1571 el nombre de La Entelequia como la realidad que de hecho era: “bat bederak daki Euskal Herrian kasi etxe batetik bertzera ere mintzatzeko maneran zer diferentzia eta dibertsitatea den”.

También ignora, cómo no, que fue el autor clásico vasco por excelencia, Pedro Agerre “Axular”, navarro de sangre, origen (Urdax) y vocación, quien en 1643 describía ya la sospechosa estructura de La Entelequia: “Zeren anitz moldez eta diferenteki mintzatzen baitira Euskal Herrian: Nafarroa Garaian, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Lapurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba herrian”.

Pero él, Iribas el consejero, ignaro, manipulador y mamporrero, es tan grande, está tan alto, que cree tener derecho a ignorar, manipular e incluso atacar a los navarros por la retaguardia de la Educación.

Pero en serio: no esperará que Amaiur se rinda ¿verdad?

                                              (M.U.)

eTB1, eTB2

No comments

 

 

ETB1 eta ETB2

Abuztuaren amaiera; udako oporretatik bueltan.

ETB1 ikusten jarri eta gure hizkuntzaren errealitate narrasean burua oinetaraino sartu, dena bat.

Arrazoia? Aranzadi Urduñan egiten ari zenari buruzko albistea. Partaideen lekukotasuna, behar bezala, euskara hutsean… harik eta nori, eta Pako Etxeberria forentseari, ezin euskaldun petoagori, egokitu zitzaion arte. Orduan –o! ustekabearen ustekabea!– Pako gaztelania dotorean mintzatzen!!!!!

Zalantza, beraz: ETB2rako prestatutako elkarrizketa azken unean ETB1erako ere aprobetxatua? Gizagaixoak! Haiei ere iritsi zaiek krisia eta aurrekontuen murrizketa!

Handik ordu erdira, ETB2 delakoa jasaten. Iristen da Urduñakoa: Pakorena erdaraz, noski, eta, halaber, ETB1erako euskaraz mintzatu ziren beste partaide guztiena ere… Denak gaztelania puruan.

Orduan ohartu etbko artezlarien (artezilarien?) logika inplizituaz: irain bat izango huke pertsonaia inportanteena hizkuntza hegemonikoan esaten duena gero indigenen eran ere errepikatzen jartzea; hori bai, bigarren mailako arkeologo-historialari horiek erraz komentzituko dituk: hizkuntza bietan egin ditzatela adierazpenak!

 

 

ETB1

Hizkuntz politika aratza:

  • Euskaldun gutxik ikusten gaitiztek,txo; beraz, mantenuzko gimnasia haientzat: programa errepikatuak, pilota-partidak, interes eskaseko saioak…

Eta larunbat-igande arratsaldeetan, sutondoan amona eta aitona baizik ez daudenean, meza santuak, mexikar abestien emanaldiak, tango-txapelketak, hitzik gabeko saioak…, ezaguna baita gor daudela aiton-amona euskaldun gehienak, mexikarrak pilo bat gustatzen zaizkiela, eta iloba txikiak bitartean ordenagailuan edo watxapeatzen dabiltzala, telebistari erreparatu ere gabe.

Inoiz intereseko zerbait emanez gero, arazorik ez elkarrizketak eta adierazpenak gaztelaniaz, gaztelania puruan emateko, ezaguna baita euskalduna definizioz dela elebiduna, gaztelania eta euskara arazorik gabe ulertzen dituena.

Ikusle inozoaren galdera baboa, bat-batean:

  • Ezinezkoa ote, gaztelania hutsez diren adierazpen eta mintzaldi luze horiek ETB1ean euskaraz laburturik ematea? Euskaraz bakarrik, alegia.

Euskaldun belarriaren patua: salbuespenik gabe, gaztelaniazko diskurtsoa –ezetz bat bera ere topatu frantsesez, ingelesez edota errusieraz burutua!– jasan beharra. Baita ETB1ean ere.

 

ETB2

Euskal TeleBista izenez, definizio bakarra izanaz: euskaldun komunitatearen ezabatze sistematikoa garatzen diharduen telebista publikoa.

Latza eta ikaragarria ETB2k objektiboki burutzen duen funtzioa, linguistikoa eta kulturala nagusiki.

Esatea bera ere gogorra bada ere, ETB2k EZABATU egiten du euskararen eta euskaldunen presentzia. Hutsaren parean uzten du euskal komunitatea. Ez balego bezala jokatzen du. Urtu egiten du, errukirik gabe, euskaldunon zingiratxoa erdaldunen ozeanoan. Euskalduna ez da ezer ETB2rentzat. Zapaldu beharreko zomorroa besterik ez.

Monolingue izateko erabakia hartu duen erdal komunitateak inoiz ez du ikusiko euskaldunik ez euskal kulturarik ETB2n. Akaso, folklore baskoa.

Eta euskarari dagokionez, ETB2ren armak oso dira ezagunak: bere saioetan –berdin “teleberri” zein tertulia, erreportai edo saio burutsu– ez du eragozpenik euskaldunak, euskaldun guztiak, erdaraz mintzaten jartzeko.

Azpitituluen errekurtsoa beste hizkuntzetako jendearentzat asmatua da, ez euskaldunontzat. Hemen denok baitakigu gaztelaniaz.

Horixe ETB2ren “filofosofia”.

Eta Hizkuntz Politikaz arduratzen diren politikari euskaldun-euskaltzale-abertzaleak, pozik.

Vamos por el buen camino” esango dute irribartsu ETB2rako adierazpenetan.

Eta ondo grabatua geratuko denez, ez dute gero hori bera euskaraz errepikatu beharko ETB1erako, hemen, ezaguna denez, denok baikara gaztelaniadun.

                                   (J.U.)

 

 

Ai, ene!!

Eta ni ohartu gabe!

Zenbat gustatzen zaizkidan ETBk ematen dizkigun teleberriak!

Haien adiktoa naiz dagoeneko.

Ezin haiek ikusi gabe igaro eguna. Ez eta oporretan ere!

Herenegun hasi udako oporrak, eta gaur, goiz erdian, kafea baino lehen, monoa nabaritzen nuen ene baitan.

Zeren eta ETBk badu barne-monoak eta tximinoak sorrarazteko ahalmena. Batez ere teleberriek.

Nolako teleberri ederrak!

Urkullu hasteko, Urkullu jarraitzeko eta, ustekabean, gaur bezala, Alava generalaren ezpataren misterio misteriotsua eta garrantzitsua!

Oso irizpide onez erabakita, amaierarako Gazako sarraskiarena. Eta Argentinako krisi latza. Eta afrikarrei besterik ez doazkien ebolaren txikikeriak.

Hori bai kazetaritza eta berriak ondozkatzeko irizpide garbia!

Hori bai orgasmoa izan dudana!

Ez Ukrainarik, ez Libiarik, ez Irakekorik, ez ekonomi arazorik, ez buruko minik…

Ia TVE1eko Madril paradisiakoan bezala, txo!

Han, jakina, Rajoyrekin eta besterekin atondua entsalada.

Hemen, atzoko saninazioak eta Urkulluak eta ezpatak eta wifi arriskutsuak!

Eta Irun eta Arminoiko kotxe-erretentzioekin, gainera! Gu geu ere bai! Azkenean! Madrilen bezalatsu!

Nolako erreportaia luzeak Laredo eta laredotar baskongadoez!

Eta, Europako Herri bat garela erakusteko, Frantziako Landetara ere joaten garela erakusten duen erreportaia sakona!

Eta teleberria amaitzear dagoela, Muna-munilla, el obispo abispilla, arazo guztien maratila!

Erabakitzeko eskubideaz mintzatzen!

Erredio! Nola geratuko ETBko teleberria ikusi gabe?

Nola, eguneroko adikzioa elikatu gabe?

Aurten ez noa atzerrira!

ETB behar dut bizi-irauteko!

 

                          (X. P.)

 

 

 

EITBk Kristobal Kolon India-Ameriketara iritsi zenekoa erretransmititu izan balu, bertakoren bat agertuko ote zen erretransmisioan? Indiorik ikusiko ote genuen delako “deskubrimendu” hartan? Hara iristeaz aparte, Kolonek ezer “aurkitu” zuela ikusiko ote genuen harako ETBko erreportaian? Benetan?

 

Toxo-Menendeztarrak India hauetara iritsi direla eta, bertako indiorik ikusi al du inork ETBn maiatzaren lehenean emandako albistegietan? Indio esukaldunek baizik entzuten ez duten euskarazkoetan beharbada? Bai? Ziur?

 

Konkistatzaileez gain, ba ote zegoen Bilbo handietan bertakorik 2014ko maiatzaren lehenean? Ez ote zuen ETBk antzemango bertako produktuak direla adierazten duen “lab-ela”rik inguru haietan? Plopezak eta Usordoak ote ziren Bilbon zeuden guztiak?

 

Egia ote da gogokoago dituela eusko gobernuko Alderdiak “gizarte-elkarrizketa” interklasista aldarrikatzen duten sindikatu “sozialista-komunistak”, zinezko konponbide sozialaren alde borrokatzen duten “labela”dunak baino? Hain urruti joan ote zaizkio interesak eta planteamenduak “gure” Alderdiari?

 

Nork zioen EAJren eskuetan zegoela EITB? Ez al du ematen akaso, iruzur politikoa eginez, Jaurlaritzaz jabetu ziren harako unionista hispano haien eskuetan segitzen duela oraindik ere? Inork erreparatu die tertulietan, bai euskarazkoetan zein erdarazkoetan, agertzen diren pertsonaien nortasun ideologikoari eta proportzioari?

 

Egia ote da orain boterean dagoenean bururatu zaiola EAJri ideologia desberdineko tertuliano guztien presentzia bermatzea EITBen? Zeharo demokratak izan arren (eta ez zaitez izan…!), presentzia eta ahots-potentzia berdina eskaini behar ote zaie gehiengo abertzaleari eta minimalismo unionistei?

 

Haiek berek formateatutako hauteskunde “demokratikoetan” irizpide berdinak erabiltzen ote dira alderdi politikoen presentzia bermatzeko? Hauteskunde-garaian denbora berdina eskaintzen ote zaie telebista-irratietan, presentzia politiko erresiduala baino ez duenari eta gehiengo politiko formala izan duenari?

 

Ez al du Alderdiak ezer ikasiko Plopezen gobernuak egindakoetatik? Ez al daki oraindik komunikabideetan duela bere proiektu politikoaren arrakastaren zutabe garrantzitsuenetako bat?

 

Edo iruzurra al da akaso batzokietako leihoetan zintzilik duen pankartak saltzen digun proiektua?

 

                                                        (S.G.)

 

Bokazioa zuen, zinez, boxealariarena.

Eta izena.

Izana bakarrik zuen falta.

Baina bazekien ora et labora metodoarekin laster lor zezakeela hura ere izenaren estalpean.

Eta hartan ahalegindu zen, boxealari izana lantzen.

Halaz ere, ikasketa sakonak egitea falta baitzitzaion oraindik, batxilergoan ikasia zuen latin apurrak ez zion argi bereizten uzten boxealariak ostiatzaile ziren ala ostiario.

Izenak izen, bazekien edonola ere ostiak eta zartadak banatzen ikasi behar zuela ahalik lasterren.

Eta ekin zion entrenamenduari.

Eta lehendabizi, ostiak non erraz eman eta, jakin izan zuen apaizgoa zuela bide egokiena.

Eta apaiz egin zen eta berehala hasi zen ostiak banatzen, han eta hemen, zahar eta gazte, gizon eta emakumeen artean.

Baina leun eta metaforikoegiak iruditurik, ahaleginak areagotzea erabaki zuen segidan.

Berak, izatez, Frazier eta Ali zituen gogoan.

     – Haiek bai ostiak, ematen zituztenak. Haiek bai eredugarri! -esaten zuen bere golkorako.

Eta hartan hasi zen zoro-moro.

Eta baita lortu ere hautatutako bidea urratzea, gotzai bilakatu baitzen denbora gutxian.

     – Benetako Ostiarioa zaitugu -esan omen zion ingurukoren batek, fedearen zaindaritzat edo hartuz.

     – Kategoria handiko ostiak bana ditzakeen boxealaria, beraz -pentsatu zuen berak segituan.

Eta orduan, Jainkoak lepotik errosarioarekin tinko lotua zuela, hasi zen hara eta hona ostiaka, bidean Foreman eta Urtain iruditzen zitzaizkion guztiak K.O.z garaitu eta garbitu nahian.

Eta bokazio sutsu hura sustatuz iritsi zen iritsi zen tokira: lehen mailako txapeldunen, edo beharbada hobe, mitra eta capelo-kapeladunen kategoriara.

Huraxe bai poza hark hartu zuena!

Behin buru-buru izanik eta karguari zegozkion infula guztiekin, erruz ateratzen zitzaizkion ostiak, benetakoak, hala ukabiletatik nola ahotik.

Baina ordurako ikasketa sakonak eginda zituenez, bazekien bere bandokoak ez zirenei baino ez zizkiela eman behar. Eta halaxe jokatu zuen aurrerantzean, baita jubilatutakoan ere.

Are gehiago, jubilatutakoan agertu zen benetako ostiario eta benetako ostiatzaile bezala, izan ere, santutasunaren aldarean zeukan diktadore doilorraren apologia egitea otu baitzitzaion kristau bezain piadosoa zirudien sermoi batean.

Eta haren ahots erlastuak, gurinezko hitzen artean, jolas demokratikoaren fruitu huts balitz bezala zabaldu zuen aspaldi jasandako diktaduraren izua.

Eta azkenean gailurrera iritsia ikusi zuen bere bokazioa: argi eta garbi erakutsi zuen bera zela demokraziaren OSTIATZAILE nagusia eta, hitzekin nahasketarik egon ez zedin, baita ideologia faxistaren betiereko OSTIARIOA ere.

Han zegoen bera, BRONKO BAREA, ukabila biak eskuzorrotan sartuta eta buru gainetik jasota, guztien aurrean, boxealari bihurtuta.

Eta sermoi apologetikoaren amaieran, bertan zeuden agintariek AMEN esan zuten, burua begirune handiz makurtuz.

 

                                        (K.S.)

 

OSTIARIOA: latinez ostiarius, jagolea, zaindaria, zaintzailea. 

 

 

Zein errealismo-motak aholkatzen du Euskadi Gaztea izeneko irrati publikoan, goizero, euskaraz ez dakien esatari baten presentzia hiru bat orduz?

Noiz arte jasan behar dute gure belarriek euskaraz ikasi nahi ez duen analfabeto baten mordoilokeria nardagarria?

Hori da akaso ikasi eta landu beharreko euskara berria?

Hain al da bikaina eta ezinbestekoa “aingeru” horren umorea?

Zertarako asmatu ziren euskaltegiak?

Ez al dago irrati publiko horretan (guk gure zergekin ordaindutako irratian, alegia) tipo hori mikrofonoetatik urruti bidaltzeko ahalmena duenik?

Zeren zain daude?

 

 

Antza denez, Erkidego honetako hiriburuan espainiar militarismoaren apologia egiten duen monumentu bat Emakumearen egunean morez margotzen ibili ziren gazte zenbaiten gurasoek 23.000 euroko isuna ordaindu beharko dute zigor gisa.

Krisi garaian egonda ere, garestiak dirudite, benetan, lau metro koadroko margoa ezabatzeko lanak!

Baina Udalak kalkulatu ditu lanon kostuak eta horrela izango da!

Dena dela, astakeria litzateke gazte horien aldeko elkartasuna eskatzea Pantoja izeneko bati erabilera anitzeko enparantza erraldoia negozio propiorako erabiltzeagatik kobratu ez zion hirian?

Eta Emakumeen erakundeen elkartasuna eskatzea?

 

 

Sindikatuen arabera, azken hiru urteotan 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu Osakaidetzak, eta ez da izan, ez, osasun-premiarik ez dagoelako.

Ideia txarra litzateke aurten Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenari egotzi nahi dion 350 milioi euroko aurrekontua Osakidetzako kontuetara pasa dezala proposatzea?

Etorkizuneko AHTaren ustezko erabiltzaileak zenbat eta nolakoak (aberatsak? madrildarrak?…) izan litezkeen kalkulatu ere gabe, ez ote ziren askoz eta askoz gehiago izango Osakidetzako oraingo erabiltzaileak? (euskal hiritarrak, ez aberatsak…).

 

 

Alajainkoa!

Hasi besterik ez, eta galdera bete galdara dagoeneko!

Ala galdara bete galdera?

Ala ez?

 

                                                    (S. G.)

 

 

Gure hizkuntza-egoera ez dago arranguratarako, baina egia da kezka handiz jaso duela Euskararen egoeraz eta etorkizunaz kezkatzen den hainbatek Soziolinguistika Klusterrak saritu dituen lanen berria.

Kezka handiz diogu, zeren eta saritu diren lan horien izenburuek ez dirudi garai onik iragartzen dutenik.

Garbi gera bedi, dena dela, lanak gutxiesteko asmorik gabe ari garela honetan, behar-beharrezkoak baitira horiek ere.

Baina besterik da hemen planteatzen dena, lan horien aitzakiarekin bada ere.

Belarririk duenak, beraz, entzun beza!

Lan horiek hautatzean, beste hobeagorik ezean beharbada, soziolinguistika-estilo bateko lanak saritu ditu Klusterrak.

Eta hortik dator kezka.

Zeren eta, suposatzen den bezala, izenburuak bat badatoz lanetan garatu den mamiarekin, haiek irakurri gabe suma daiteke panorama postmoderno horietako baten aurrean egon gaitezkeela Euskal Soziolinguistikaren alorrean ere.

Panorama teknologiko-teknokratikoa, arazoaren erroetan sakontzako premiarik ez duena, ideologien amaiera laudatzen dutenetakoa, konponbide estrukturalak behar dituzten kontuen aurrean partxeoak bideratzen dituena…

Kezkatzekoa litzateke, beraz, errealitate soziolinguistikoaren azaleko gabeziak bakarrik aintzat hartuz jokatzen hasiak bagina. Ikuspegi politikoetatik ihesean doazen diskurtso eta baliabide aseptikoak garatuz jokatzen hasiak bagina. Edo hizkuntza eta gizatalde menderatzaileekiko kritikarik gabeko ustezko soluzio neutroak eskaintzen hasiak bagina.

Kezkagarria, egiatan, tokian tokiko ekintzatxoak prestatzera mugatzen diren proiektuak bakarrik sustatzen hasiak bagina: zuk hor lantegian, nik hemen eskolaz kanpoko ekintzetan, hark han mendi-elkartean…

Besterik behar du gure hizkuntzak, normalkuntzarako erreferentzia makroa galdu nahi ez badu behintzat.

Bide okerretik goaz, guztiz okerretik, saguteran harrapatutako sagutxoek eskapatzeko egiten dituzten azken ahalegin alferrikakoak bezala irudikatzen hasten bagara gure lana.

Eta ematen du horretaraino urritzen eta murrizten ari garela gure jarduera, gure gogoa eta gure pentsamendua.

Baina kezkagarria litzateke halaber, sari-banaketan izango den Hizkuntz Politikako ordezkariaren presentziarekin nolabaiteko onespena eskainiko balitzaio hizkuntzaren errealitatea ikusteko eta “konpontzeko” planteamendu horri.

Horrek ez luke, noski, hizkuntza-gatazkak atzemateko, aztertzeko eta gatazka-korrelazioak aldarazten saiatzeko Aroa itxiko, baina susmatzekoa da, ordain gisa, buru-zuritze eta lasaigarri ezin hobea eraman lezakeela Boterean dauden agintari politikoek.

Eta tolerantziaren eta gatazken errosoluzioen garaian egonik ere, inoiz baino gutxiago utzi behar zaie orain Hizkuntza-Politikaren ardura dutenei lasaitasun egonkorretan erortzen eta euskaldun onaren “buenismoak” sustatzen ibiltzen.

Ez da, ez, han eta hemen partxeatzen ibiltzeko momentua. Ezta ere argia gero eta lausoago duen putzu honetatik aterako ez gaituzten programak eta tekno-txantiloiak betetzen ibiltzeko garaia.

Funtsezko analisi eta planteamenduen premia dugu, haien gordinak inoren kontra jartzera eraman gaitzakeen arren.

Euskaldunak ezin du boterean dagoena lasai utzi, pentsatuz hark ongi dakiela nola jokatu behar den, eta gero, harengan itxaropena jarriz, ondo bideratuko gaituela sinetsi.

Gure eginkizuna ez da euskaldun-fededun onak bagina bezala haren jarduera sustatzea.

Hangoa zein hemengoa izan, Agintean dagoenak dagiena kritikatzea dagokigu lehenik eta behin. Planteamendu politikoen hariak, nondiknorakoak eta ondorioak agertzea dagokigu. Eta baita, behar denean, salatzea ere.

Eta taxuzko ezer egingo bada, diskurtsoa ideologizatzetik hasi behar da; gatazkak eta arrazoiak, historikoak zein soziopolitikoak, agerian uztetik hasi behar da; hizkuntza-zapaltzaileak, gizakiak zein erakundeak edo mekanismoak, identifikatzetik hasi behar da…

Eta hori da, hain zuzen, sustatu behar dena eta lehenetsi behar dena.

Eta saritu behar dena.

                                             (F. K.)

 

 

Pico de Loro e Isla Santa Clara en Donostia-San Sebastián. Gipuzkoa

 

Euskaldunoi betidanik erakutsi izan zaigu euskarak ezin duela munduan gertatzen den guztia behar bezala adierazi, ez behar bezain zehatz eta ez behar bezain trinko, gure hizkuntzak inolaz ere ez baititu bere baitan inguruko hizkuntza nagusiek berezko dituzten adierazmena, ahalmena eta gaitasuna.

 

Egiazko Jainkoak hala nahi izanik, euskarak txikikeriatarako baino ez du balio.

 

Eta, jakina, euskaldunok hain sinesmen hertsikoak eta finak garenez, borondate dibino hori arras barneratuta jokatzen dugu gero edozein gauzari ekitean.

 

Euskaldunok, adibidez, beti egin izan ditugu liburuen itzulpenak gaztelaniazkoak baino askoz laburrago, orrialde gutxiago eta espazio zuri gehiagorekin.

 

Euskararen trinkotasun-ahalmenagatik zela uste zuten gure itzultzaile erromantiko haiek, baina, antza denez, gure mintzairaren ahuleziari leporatu behar zaio hori.

 

Euskaraz ezer gutxi dakiten jakitun asko jakinek egiaztatua duten bezala, euskaraz ezin da ezer ere eskaini erdal hizkuntzetan ematen den zehaztapen eta kontzisio mailarekin.

 

Ezta albiste ñimiño bat ere.

 

Eta EITBk ez du une bat ere galdu teoria sakon hori, zalantzan jarri gabe, praktikara eramateko.

 

Hona martxoaren bian (gaur, alegia) gaztelaniaz eskaini digun albistea:

 

“Rescate en Donostia-San Sebastián
Un mujer de 33 años ha sido rescatada esta madrugada en San Sebastián por efectivos de los bomberos y agentes de la Ertzaintza al verse sorprendida por el oleaje en la zona del Pico de Loro, entre las playas de la Zurriola y La Concha”.

 

Euskaraz, berriz, ezinezkoa zen hori guztia behar bezala adieraztea, eta horrela laburtu dute albistea:

 

“Erreskatea, Donostian

33 urteko emakume bat erreskatatu dute, bart, Ertzaintzak eta suhiltzaileek Donostian, Zurriola eta Kontxa artean”.

 

Eta hori guztia gutxitxo iruditurik edo, “Zurriola eta Kontxa” arteko toponimoa ere (“Ondarreta eta Kontxa artean” esan behar zukeen albisteak) gaztelaniaz bakarrik eman dakiokeen zehaztapenarekin eskaini du EITBek: “zona del Pico de Loro”.

 

Jatorrian, “Loretopeko” edo “Loretopea” zeritzon toki horri, bigarren karlistaldian desagertutako Loretoko Amabirjinaren baseliza azpian baitago kokatua lekua. Baina, jakina, gaztelaniaz askoz ere zehatzago eta esanahi sakonagoz adierazten da dena.

 

Eta Euskal Irrati TelebBistak omen den EITBk ondo baino hobeto ikasi du hori guztia, nahiz ez den ez bakarra ez lehena izan ikasgai sakon horiek ikasten.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta auskalo zenbat udalerri euskaldun poto-petoek babesten duten IKUSTEKAn ere argi dute zeri buruz doan auzia. Honako albiste honen buruan jarri den argazkia lekuko.

 

Honela dio laguntzen dion informazioak:

 

Pico de Loro e Isla de Santa Clara en Donostia-San Sebastian”.

 

Dirudienez, gainera, berdin-berdin esaten da esaldi hori euskaraz zein gaztelaniaz, ez baita inolako aldaketarik euskarazko orritik erdarazkora:

 

http://ikusteka.baskimagen.com/id/17870

http://eu.ikusteka.baskimagen.com/id/17870

 

Bide onetik goaz! Aleluia!

 

                                         (F.K.)

Tresna-barrara saltatu