Klig

Komunean leituz ilustratzen gara

Browsing Posts published by klig bloga

Zupiriaren kale-garbitzaileak
Zupiria ezin da izan azken adierazpenetan azaldu den bezain traketsa.
Azkarragoa eta abilagoa da, zalantzarik gabe.
Baina dagoen tokian duen aulkian egoteak emozioz bete du eta liluratu, antza. Eta PSE-EEkoen maitasun samurrak ez dio gutxi lagundu lan berrirako adoretze horretan.
Zer egin, eta denbora xahutzeko entretenimendu hoberik ez duela eta, hara non bururatu zaion 38.000 hizkuntza eskakizun, banan-banan, berrikusten hastea. Horrela da, bai, 38.000 mila lanposturen eskakizunak berrikusten hasiko baita kementsu. Trena aurrera doala, bera atzera begira tiraka.
Hori bai etorkizuna planifikatzen jakitea eta hizkuntza plangintza burutzen hasteko urrats erabakigarria!
Eta lehenik eta behin, eginkizunaren garrantziaz ohar gaitezen, kale-garbitzaile EGAdunen adibide pedagogikoa azaltzea bururatu zaio prentsaurrekoan. Txintxo-txintxo, eta prentsaren mundutik ez baletor bezala, eta prentsa horiak zeri ematen dion lehen tokia ikasita ez baleuka bezala.
Kale-garbitzaile EGAdunak! Horrelakorik ere!
Baina halako adibide sendo eta grafikoarekin orain arteko Hizkuntza Politika zurbila hain barregarri utzi badu, segurua da Zupiriak bat edo bi edo igual hiru kale-garbitzaile EGAdun ezagutzen dituela erkidego guztian. Hiruak, seguru, kalte ikaragarri latza egiten diotenak komunitateari.
Hain zuzen ere kale-garbitzaile EGAdunak direlako funtsezko desoreka linguistiko sozialaren errudunak, eta ez, adibidez, euskara nahitaezko izan beharko luketen lekuetan dauden mediku analfabetoak. Berrehun mediku? Bostehun? Bi mila? Horientzat ez da hizkuntza eskakizunik jarri behar. Euskalduna baino hobeago baita mediku ona izatea.
Eta politikariak? Zenbat ezagutzen du Zupiriak bere alderdian eta ondokoetan euskaraz ideiarik ere ez dutenak eta erakunde publikoetan guztion ahots direnak eta izan nahi dutenak? Ehun? Berrehun? Bi mila?
Horientzat ere ez da hizkuntza eskakizunik behar. Nahi duten moduan jokatu behar dute horiek. Ala “egunon” modukoren bat marraskatzen ikastea baino gehiago beharko lukete horiek?
Horregatik dator orain Zupiria ispilu erretrobisorean begiratzera eta 38.000 hizkuntza eskakizun diskriminatzaile berrikustera. Kale-garbitzaile EGAdun asko dagoelako. Eta lan-merkatua gizartearen beharrizanei egokitu behar zaielako. Eta garrantzizkoena dena: psozialistek musu-truk eskainiko dioten esku-argia izango duelako lagun.
Beti izango du, jakina, asmo txarreko susmoak zabaltzen hasiko zaionik eta Hizkuntzaren Normalkuntza bermatu beharko lukeen arduradun nagusia hizkuntza langak, berez ahulak eta indargeak direnak, jaistera datorrela esango duenik. Eta kexaka arituko denik.
Ez halakoei kasurik egin, larreko behi-usainetara itzultzea bilatzen dutenak baitira horiek. Zeren eta garbi aitortu behar da, eta hori ikusten lagunduko digu seguruenik Zupiriaren berrikusteak, euskaldun atzerakoiena dela benetako beharrizanei erantzun egokirik ez ematearen errua, hemengo hizkuntza propioan bizi nahi izatea ez baita etorkizuneko gizarte berriak behar duena. Eta aitortu behar da dagoeneko ohartuta egon beharko luketela euskaldunek elebidun direla eta Jainkoak oparitu dien aberastasun magiko horretaz baliatzen ikasi beharko lukeela bizikidetza eta normalizazio soziala bermatzeko. Euskal Herrian euskaldun elebidun denari ezin baitzaio inolaz ere lehentasunik eman erdal elebakarren aurrean. Eta are gutxiago kale-garbitzaileei.
Gure ongi etorri beroena, beraz, Unzalu-Mendiaren diskurtso linguistikoa berpiztera eta geureganaraztera etorri zaigun Zupiria jaunari.
(K.M.)

Zer egin dezakezu euskararen alde, Miren, orain Hizkuntza Politikarako sailburuorde zaren honetan?

Gauza asko, zalantzarik gabe, baina hemen funtsezko argibideren bat baino ez dizugu erantsiko.

Horra zerrendaturik:

Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek argi izan beharko luke zertarako dagoen dagoen tokian. Eta argi izan beharko luke egokitu zaion lana ez dela ez funtzionario batena eta ez kudeatzaile batena ere.

Euskal Herriko Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek argi izan beharko luke bertako hizkuntza gutxitua sozialki normaltzeko hautatua izan dela, eta ez hizkuntz arerioen artean sinpatikoarena egiten ibiltzeko.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek inora ez doazen inertzia merke eta miopeekin hautsi beharko luke lehenik eta behin, gure hizkuntzarena bezalako kontuak era larrian eta gordinean planteatu behar baitira beti eta ez, karta gabeko mus partidetan bageunde bezala, etengabe txikira jotzen arituz.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek hizkuntz irizpide sendoak izan beharko lituzke. Eta hizkuntz egoerak zehaztasunez diagnostikatzen ikasi beharko luke. Eta adimenez eta irudimenez planifikatzen ikasi beharko luke. Eta politikoki ausardiaz jokatzen ikasi beharko luke. Nahiz eta arerioak asko, handi eta indartsuak direla jakin…

Gogoratu beharrik ez bada ere, Hizkuntza Politikako zuzendari batek sobran ditu paparreko txoriak, irudiak eta folkloreak, saldu beharrekoen propaganda produktua behar bezala burutu ondoren egiten baita, eta ez lehenago edo haren ordez, gabeziak ezkutatzeko.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek legeak eta diruak ditu eskura, eta, ezer taxuzko egingo badu, beldurrik eta konplexurik gabe baliatu behar du haietaz.

Legeak tresnak dira, diruak tresnak dira, hizkuntza normaltzeko baliagarri izan beharko luketen tresna egokiak, eta ez lanpostuak zuritzeko aitzakiak. Horretaz jabetu bezain azkar, Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek ongi ikasi beharko luke bereizten zer diren, zer-nolako interesen menpe dauden eta zein xede duten komunikabideek eta erakunde espainolek, eta zer diren eta nola eta zertarako sortu diren erakunde eta komunikabide euskaldunak. Eta bereizte-irizpide horien arabera jokatzen jakin beharko luke jarraian. Irribarrea ezpainetan duela.

Erabakiak eta legeak ez dira bakarrik xaboia, koipea eta diru-laguntzak emateko tresnak; hori bezain garrantzizkoa da xaxatzeko tresnak ere badirela ohartzea, derrigortzeko tresnak, zigortzeko tresnak, koakziorako tresnak…

Horretaz jabetuz gero, bidearen erdia egina izango du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

(J.U.)

Izenburu gisa agertu da hemengo goiburu hori gure prentsan Carme Junyet-ek emandako elkarrizketa batetik jasoa: “Gaur egun ez dago elebakar izaterik”.
Berrikiago honako hau, Lacroix izeneko ikertzaile kanadar gazteak esana: “Eleaniztunek beren burmuinaren kontrol hobea dute”.
Eta zalantzan jarri ezinezko dogmak balira bezala, hasi dira segidan bestelako itsu-mutilak ere titularrak han-hemen errebotatzen.
Baina ez dago garbi ondo ulertu ote duten guztiek kontua ala (hala balitz, hobe!) horretaz baliatu nahi izan duten eztabaidak pizteko.
Hipotesi emankorraren alde eginez gero, egur pare bat ekar liteke hona sua hauspotzeko, baina garbi ulerturik ez dela hemen elebakartasunaren aldeko aldarririk egin nahi, antzua bezain anakronikoa izateaz gainera, ez baitirudi jadanik bertako hizkuntzaren askoz ahultze gehiagorik ekar lezakeenik beste bizpahiru hizkuntza hegemonikotan (harrigarriki, beti dira hegemonikoak ikastera beharturik gauden hizkuntzak!) eroso sentitzeak.
Hori esan bezain azkar, errepara diezaiogun esaldi horiek hainbaten diskurtsoetan eraman dezaketen haziari:

1- Bitxia bada ere, Nazio Batuen Erakundean erabiltzen diren sei hizkuntza hegemonikoetako hiztun gehien-gehienak elebakar hutsak dira: aski dute beren hizkuntza bakarrarekin munduan irauteko. Ez gara, beraz, nazioarteko erakunde guztietan in fact elebakartasuna ezarri nahi duten anglofonoez mintzatuko, monolingue hutsak baitira estatubatuar, australiar eta britainiar hiztun gehientsuak. Hurbilago ditugu gazteleradun espainiarrak, zeinak elebakar amorratu izanik, hirueledun bilakatzeko exijitzen baitigute, fabore egiteagatik nonbait, inposizioz elebidun garenoi. Eta zertarako mintzatu errusierarekin aski dutenez edo frantsesa darabiltenez? Eta mandarin hizkuntzaz baliatzen direnez? Eta zer esan gainerako hizkuntzak agindu dibinoz desagerraraztera behartzen dituen arabieraren hiztunez? Ez al dira elebakar eternal ehuneko ikaragarri sinesgaitzetan?

2- Errealitate horren aurrean, garbi dago inolako ezaugarri hegemonikorik ez duen gizataldeari dagokiola ez-elebakar izatea, eta “burmuinen kontrol hobea” izatea ere. Beti bezala, menpekoari, alegia.
Morroia da beti, bere burmuina aberastuz, Nagusiaren hizkuntza ERE jakin behar duena. Nagusiak aski eta sobran dauka bere hizkuntza bakarrarekin eta bere burmuin idorrarekin.
Nonbait horrexegatik, morroia da elebitasunaren abantailez konbentzitu behar izaten dena. Berdin argudio ekonomikoen bitartez zein argudio zientifikoen bidez, morroiari zuzentzen zaizkio beti eleaniztasunaren abantailen eta premien zerrendak, ez Nagusiari.

3- Eta hain da izugarria eleaniztasunaren ustezko abantaila psikologikoen eta ekonomikoen zama, ze morroiari ez omen zaio inoiz galderarik egiteko tarterik geratzen. Bere eginkizuna beti da burmuina aberastea eta eleanitza izatea.
Galde lezake, noski, zer dela eta ezin diren menpekoak ere elebakar triste eta burmuin idorreko mantendu; edo pertsonalki elebidun edo eleaniztun balira ere, zer dela eta ezin diren gizarte elebakar bezala bizi; edo nork dion horri beldurra.
Baina normalean ez da galdetzera ausartzen, susmoa baitu, elebitasun arrakastatsuaren urratsa eman ondoren, bere hizkuntza propioaren galeraren hasiera etorriko dela; eta zientzi argudiaketa baikor horien beste aldean, beste hizkuntza baterantz, beste kultura baterantz eta beste nortasun baterantz eraman nahi duten Nagusiak daudela kukuturik.
(X.G.)

Ez da hemen euskal egunkari bakarraren kazetaritza-lana zalantzan jartzeko bokaziorik eta ez gogorik ere, nahiz eta lan hori bideratzen duten irizpideek lau haizek batera jota diruditen askotan.
Baina guztiarekin ere, ez da erraz ulertzen nola kalera dezakeen joan den igandekoa bezalako gai bat, beste galaxiaren batean dabilenari baino interesatzen ez zaiona eta, begi bistakoa den bezala, euskaldun gehienon animoak jipoitzera datorrena.
Atera berria den euskararen erabilera-mapak erakusten duen bezala, Euskal Herri delako hau ez dago indarrak globo eta suzirietan xahutzeko egoeran.
Nola etor daiteke orain, pelikularen altura hauetan, euskara estandarizatzeko funtzioa duen euskal egunkari bakarra inolako lehentasunik ez duen kontu hutsal bat planteatzera? Ez al dago bestelakorik eztabaidatzeko edo, behinik behin, orriak betetzeko?
Zergatik ez zaio bururatzen gure egunkari horri, esaterako, duela hilabete J.M. Torrealdaik HAMAIKA telebistan euskara estandarraren inguruan planteatu zuenaren ildoko zerbait serio kaleratzea?
Zergatik ez du ahalegin gehiago egiten maiz asko euskalkien erabileraren estalkiarekin disimulatu nahi izaten den analfabetismo erraldoiaren kontra? Zergatik ez bideratu, berdin erakunde zein komunikabideetan ohiko bilakatzen ari zaizkigun pidginizazio ustelen, txoko-fonetismo nagien eta gainerako haurkeria linguistikoen salaketa aktiboa?
Ez al dugu sinesten akaso hizkuntza bat, bakarra, bateratua, aberatsa, indartsua, noranahikoa, jakite-hegoek igoa… behar dugula Euskal Herri osoan?
Euskalkiek, estandarizatuta edo estandarizatu gabe, ez digute hori konpontzen. Eta denbora, indarrak eta dirua galarazi, berriz, bai. Gordinki esanda bada ere.
Are gehiago, gezurretan ari da lagundu beharreko euskalkidun hutsik dagoela dioena, egun ez baitago euskara batu mintzatua ulertzen ez duenik. Eta, jakina, idatzizkoa ulertzen saiatu ez denari dena irudituko zaio zail; eta maila berean irudituko zaio zail irakurtzea bera, euskalkian zein batuan.
Eta arazoaren giltza: gaur egun etengabeko ahaleginetan ari diren euskaldun berri, berriztatu eta ikasiak dira hemen benetan zaindu behar direnak, ez sasi-euskalkitan dihardutenak. Hauenak, gehienetan, aitortu diezaiogun behingoz egia geure buruari, saltsa-euskalki modukoak baino ez dira. Adibideak, etxetik irten bezain pronto.
Zertan ari gara, orduan?
Gure balkanizazio honekin hizkuntza hegemonikoei irmoago laguntzen?
Geure hil-kutxa prestatzen?
Horrela bada, animo eta aurrera, bada!

(K.S.)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saila protagonista izan duen azken Inkesta Soziolinguistikoa kolore ezin alaiagoetan atera bezain azkar kaleratu da askoz sinesgarriagoa dirudien mapa uherra, UEMAko datuetan oinarritua.
Egoera beraren bi irakurketa egiteko aukera, beraz. Bata hizkuntzaren ustezko ezagutzaz baliatzen da txistua eta danbolina jotzeko; besteak, eguneroko errealitatean atzematen den euskararen erabilera ezaren datuarekin batera eskaintzen du ezagutzarena. Lehenetik, bada, aukera eta itxaropenez beteriko etorkizun koloretsua islatzen da; bigarrenetik, berriz, txalupa ziztrin bat baino ezin da irudikatu, norantz goazen eta noraino iritsi gaitezkeen garbi erakusten duena.
Eta ez gara Nafarroako edo Iparraldeko egoeraz ari, ikaragarri latza izan baitute han iraupena bera. Euskadi delako honetan gertatzen ari denaz dihardugu eta ia berrogei urtez Euskararen biziberritzearen ardura politikoa izan duten horiez.
Nola uler daiteke euskararen ezagutza-maila %80tik gora duten herri handietan (Lekeitio, Azpeitia, Azkoitia, Orio…) euskaldunen arteko interakzioan 20-30 puntu gutxiagoko erabilera izatea, eta orotara 30-40 puntu gutxiagoko erabilera? Edo Ondarroaren kasua, non 7.200 biztanle eta %84,2ko ezagutza izanik, orain %49,3ko erabileran seko geratua baitago, duela dozena bat urte erabilera ezagutza baino handiagoa zuenean? Eta nola ulertu Arrasate bezalako herri handi batean (14.500 biztanle), %65,5eko ezagutza dagoenean, euskaldunen arteko erabilera %29,8 izatea eta orotarako erabilera soziala %19,5raino jaistea?
Ez dago hemen erantzukizunik? Eta hondamendi horren errudun politikorik? Inork ez al du hemen Hizkuntza Politika edota Plangintzaren ardurarik izan? Aurpegiren bat, izenen bat izango da behintzat, ezta?
Ezin zaio, seguruenik, HPko sailburuordeari leporatu euskarak azken urteotan izan duen beherakada horren erru guztia. Sailburuordea, antza, ohiko funtzionario hutsen parekoa delako eta esaten zaiona baino egiten ez duelako.
Eta ez, Baztarrika ez da errudun nagusia. Baina Baztarrikak ezin hobeto gorpuzten ditu Arduradun lausoaren irudia eta izana. Ezin hobeto irudikatzen ditu lurraren alturako narrasti-ikuspegi miopea, eta ekimen gaseosoa, puztua, inolako efektu positiborik gabekoa.
Sailburuordeak, papargorriaren ikurra paparrean, harro, kongresuz kongresu eta hegazkinez hegazkin ibiltzea du eginkizun nagusia. Eta noizik behin, hizkuntza gutxituen iraupen-itxaropenari buruzko diskurtso garaipentsu bat edo beste botatzea. Besterik ez.
Hori ohi da funtzionarioaren lana. Eta ezin zaio gehiago eskatu, ezin baitu eman. Berea zen, bai, “amets txikien iraultza”, Neguko Jauregi gorri honetaraino ekarri gaituena.
Harako emakume filosofo hura gaizkiaren hutsaltasunaz mintzo bazen, horrelakoen kasuan hutsaltasunaren hutsaltasunaz mintzatu behar da nahitaez. Hots, egiten dudana egiten dut, halaxe agintzen didatelako; eta egiten dudana egiten dut halaxe erabaki duelako nire gainean dagoenak.
Eta Baztarrika ez da errudun nagusia, azken finean Eusko Anaia Jibaroak aspaldi erabaki zuelako Euskararen Normalkuntzaren inguruko Proiektua nola produktu bilakatu eta nola ekoitzi: talde disziplinatuen artean sakabanatua, bakoitzak ekoizpenaren ataltxo bat eginez (zuek Hezkuntza, guk Hizkuntza, haiek Hazkuntza…), arrazionaltasuna eta egingarritasuna loreontzian jarriz…
Agintaldiaren proba pasatzeko produktua, bada, Hizkuntza Politika izenekoa. Inolako bermerik gabekoa, ez behintzat gizartearen inertziak eman dezakeena baino sendoagoa.
Ondoren letorkeena, beraz, Martxoko Idusen apetari leporatzeko moduan uzten da. Eta inork ez du erantzukizunik horretan, noski, egiazko diruditen konpromisoak ere bukatutzat ematen baitira agintaldien amaieretan.
Baina diskurtsoak beti hitz zuriz eta aho-puzgarriz beteak, nork bere burua eta bere alderdia laudatzeko prestatuak.
Eta bitartean, euskararen erabilera gero eta errekara joanago eta jausiago. Eta erabilerarekin batera, motibazioa ere ahulago. Eta ezagutza, euskara ezagutzen omen dutenen artean, urriago.
Hizkuntzaren egoera erreala islatzen duen mapa lekuko.

(J.U.)

Perbertsio soziolinguistikoak

Gizatasunak dio ahalik eta era libre, arrazional eta enpatikoenean hartutako irizpideei jarraitzea dela norberak bizitzan izan behar duen lema nagusia. Eta horrela jardunez gero, errazago direla gero hautu eta erabaki larri gehienak: zer ikasi, zertan jardun, nola bizi, etab.
Baina askotan detaile txiki bat geratzen da bazterturik baieztapen horretan: hizkuntzarena. Alegia, goiko premisa distiratsuak gizarte normalizatuetan aritzeko balio badu ere, badira beste gizatalde batzuk, egoera anormalean daudenak eta premisa orokorraren doikuntza berezia eskatzen dutenak, azken batean oso faktore erabakiorra baita hizkuntzarena.
Ezin baita, izan ere, ahaztu zein hizkuntzatan ari garen eta hizkuntza horren erabilerak objektiboki zer-nolako eginkizuna betetzen duen gure hautu eta erabakietan eta, garrantzitsuagoa dena, batez ere gizartearen bizimoduan, haren konformazioan eta haren eguneroko praktikan.
Zeren eta detaile txikiez ari garela, ezaguna da hizkuntza hegemonikoek ez dutela hizkuntza txiki-gutxituen bizimodua eta ez bizigiroa jasaten. Are gehiago, ez izateagatik, hizkuntza hegemonikoek –hitz egiteko modu bat baino ez da hau, noski, ezagunegia baita haietaz baliatzen diren hiztun-taldeak direla zinez hegemoniko edo gutxitu direnak– ez dute ez mugarik eta ez neurririk ere izaten hizkuntza gutxituak akatzen aritzeko.
Eskuarki, alboan dituzten hizkuntza gutxituen esparru, funtzio eta espazio guztiak okupatzera eramaten ditu haien sen glotozidak. Berezko eta betidanikoa dute besterena bere egitearena.
Eta eginkizun horretan ez dute baliabiderik aurrezten, hala praktikoak nola teorikoak, berdin diskurtsiboak zein egitezko edo koakziozkoak, hala agerikoak nola erdi ezkutuak edo zeharo sibilinoak.
Horrela, esate baterako, hizkuntza gutxituaren esparru sinbolikoen aurrean, hizkuntza hegemonikoak argudio anitz garatzen ditu beti hizkuntza gutxituko hiztunak bere bandora erakartzeko, nahiz aldez aurretik dakien esparru horietan beti izanen dela hiztun erresistenteren bat eremu laua gotortzen saiatuko dena.
Hori dela eta, eta horrelako gotorleku sinbolikoez jabetzeko mezu disuasorioek (gizarte- bake eta harmoniaren aldarriak, elebitasunaren bertuteak, etab.) zenbaitetan erakusten duten ahuleziaz ohartuta, urrats kualitatibo gehiago eta larriagoetara jo behar izaten du diskurtso hegemonikoak maiz asko; zulo berriak ireki behar izaten ditu hizkuntza gutxituaren hiztun leialen harresietan.
Agidanez, diskurtsoaren alorrera egokitu besterik ez du egiten erraldoiak jadanik beste arlo batzuetan erabiltzeko asmatua dagoen hainbat baliabide eragingarri. Txikiaren kulpabilizazioarena da horietako bat, hizkuntza gutxituko hiztun leiala bere egoera linguistiko diskriminatuaren errudun sentiaraztera eramatea bilatzen duena.
Hau da, ustezko normaltze linguistikorako estrategia innobatzailea medio, hizkuntz egoeraren zanpaketa jasaten duenari esaten zaio ezinbestekoa duela hizkuntza hegemonikoko jendea hurbilarazteko hari berari bere altxor preziatuenak saltzen hastea, eta saldu ere ez edonola, behar bezala baizik, horrela mundu hegemonikokoek garbi ikus dezaten “zer galtzen duten” hizkuntza gutxitua ez jakiteagatik.
Egia esan, ez dago garbi zein den benetan horrekin transmititzen den mezua, zeren eta hizkuntza hegemonikokoek erdaraz jaso behar badute galtzen duten horren goxotasunaren albistea, berria jasotzen duten bezala, produktua bera ere jaso lezaketela irudiko luke…
Kiribilaren kizkur kiribildua!
Hiztun txikia, beraz, merkatari, produktua saldu behar baitie amodioz eta erdaraz konkistatu nahi dituen zinezko konkistatzaile armatuei.
Konklusioen txokora jaitsiz: euskaldunak erdaraz (Hegoaldean erdara gaztelania da beti) saldu behar omen dio “bere mundu erakargarri” hori espainolari, inbidia gorria pasarazi behar dio erdaldunari gureratzeko irrika piztu dakion. Zubi hori eraiki behar omen dio euskaldunak erdaldunari, txikiak erraldoiari. Zer gutxiago, ezta, euskaldun leial militante batentzat?
Eta hor dator perbertsioa, mezu horretan sinestean eta zabaltzean, euskaldun petoenek ere sorraraz dezaketen perbertsio perfektua, adiskide maitatuari bihotzera zuzentzen zaion kulpabilizazioaren diskurtsoarena: erdaldunak erakartzeko zubigintza lan hori aurrera joaten ez bada, erdaraz egin nahi ez duten euskaldunengatik da eta izango da, haien erruagatik, euskaldunek gaztelaniaz hitz egin nahi ez izatean murriztu eta txirotu egiten baitute beren hizkuntz unibertso propioa.
Horraino diskurtso distiratsuaren muina.
Eta aldi berean, gutxitu, lausotu, ezabatu ere egiten den diskurtso horren ifrentzua: nonbait erdaldunek ezin dute euskara entzun, haien sentsibilitatea bortxatzea da euskaraz aditu behar izatea, baita hain beharrezko omen lituzketen gure produktu erakargarrien propaganda euskaraz aurkeztean ere. Txinan gerta ez lekiekeena gertatzen zaie Euskal Herrian.
Eta jakina, planteatu ere ez bestelako biderik, brahman berrien belarriei, euskaldunenei ez bezala, jasanezina egiten baitzaie untouchable batek euskaraz esandakoaren bikoizketa.
Erdaldunek euskaldun puruak nahi omen dituzte… baina erdaraz mintzo diren bitartean bakarrik, zeren eta inoiz guretuko badira, erdararen bitartez geureganatu beharko ditugu lehendabizi.
Erdaldunak erakartzeko, beraz, erdaraz saldu behar dituzte beren produktu kulturalak eta espiritualak euskaldunek.
Paradoxa? Txantxa?
Eta are okerrago, errudun bilakatu behar da gero, segidan, joko horretan sartu nahi ez duten euskaldun koherenteen multzo gero eta urriagoa, haien merkatal lankidetza erdaltzalea gabe ezin izango baita erdaldungoa inoiz euskaldundu.
Paradoxa? Txantxa? Kirtenkeria? Basque naivety?
Erdaldunak gure produktua gabe, gu gabe, gu akatuta ere bizi ahal izango ez balira bezala!
Seguru ez duela euskaldunona baino gauza hoberik eta erakargarriagorik gaztelaniaz mintzo den 500 milioiko hiztunen unibertso horrek! Seguru horrela, erdararen bitartez, guri begira jar dezakegula ingelesez bizi den mila milioiko hiztunen geografia zabala ikusmiran duen gizatalde erraldoi hori!
Ez politika linguistiko eraginkorrik, ez praktika euskaldunagoko dinamika sozial indartsuagorik!
Erdaraz, eta kitto!
Dagoeneko gureak egin ez badu, ez da gugatik izan, inondik ere ez! Jainko egiazkoaren paradisuan euskaraz mintzo direlako behar du izan!

(K.M.)

Ohar laburra Perez Busterok igande honetan GARAn argitaratutako artikuluaren harira.

1- Erakargarria da, benetan, kristautasunaren zenbait eskemetatik xurgatzen bide duguna, erakargarriena, dena den, bizitza paradisiakoari dagokiona eta inguru haietan egongo omen garenon elkarren arteko maitasunari buruzkoa: denok anai, denok familia bereko, denok zoriontsu.

2- Aitortzen ez badu ere, eskema hori bera da aipatu artikuluan Perez Bustelok euskal politikaren esparruetara bideratu nahi duena. Testamentu Berriko huraxe bera: “Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan” (Galaziarrak 3, 28).

3- Nonbait, mezu ebanjeliko hori zabaltzera etorri zaigu apostolu berria oraingoan: Euskal Herrian jadanik ez dago interesak, ideologiak, zanpatzaileak edo jokabide desberdinak bereizterik, Euskal Herrian denok baikara “gu”, denok anai, denok ahaide. Eta hortaz, orain “gu” omen diren horiekin egin behar dugu bat, guztiok bat eginez eta gatazkak ahantziz proiektatu eta eraiki behar baitugu gizarte berria.

4- Batik bat ezkerreko abertzaleei zuzentzen die mezua artikulugileak, oraindik ez omen gara-eta ohartu “multzo bateratu gisara jardun behar duen herri bat garela”.

5- Historian zehar izandako Marx desberdinek horren inguruan maiseatuko luketena gorabehera, lehendabiziko galdera litzateke ea “gu” ez garen “besteak” ere ohartu ote diren edota ohartu nahi ote duten abertzaleok orain arte ikusi ez omen dugun horretaz. Eta inpresioa da ez legokeela gaizki, aldi berean, hausnarketaren bat edo beste ere egitea. Eta behialako klaseei begiratu bat ematea eta haien interesak nola mantentzen diren ikertzea. Eta gizarte-proiektu berberaz ari ote garen edo ari gaitezkeen ere planteatzea. Eta gargantua ekonomiko-politiko eta linguistiko-kultural direnak identifikatzea eta salatzea. Eta haien interesen defentsarako “demokratikoki” hedatzen dituzten planteamendu ideologikoak eta bitartekoak ere atzematea. Eta oharturik edo oharkabean haiekin bat egin ohi duten gizarte-geruzak ere agerraraztea. Eta interes horiei aurre egiteko prest daudenak ongi bereiztea eta haiekin bat egitea eta elkarrekin antolatzea. Eta… eta… eta… Betiere, ezkerreko abertzaleok Herri bat eta bakarra eta ahalik bateratuena osatu nahi dugula ahantzi gabe.

6- Baina akaso egiazko fedetik urrun samar gabiltzalako, ez gara “gu” hemen garen guztiok. Badira “besteak” ere. Oso “beste” desberdinak gainera, eta oso “beste” desberdin izan nahi dutenak, lan-indarra gurean ematen duten mertzenario (ez merzedario) huts direnak barne. Ez gaitezen, bada, geu bakarrik konfunditu. Eta, garrantzizkoago dena, ez dezagun inor nahasi eta sare apostolikoetan korapilatu.

7- Apoteosikoa amaierako esaldia: “Y envueltos en esa verdad («en este pais todos somos nosotros») nos despertaremos verdaderamente abertzales, o sea hechos personas que aman profundamente a su patria porque se abrazan con la totalidad de la gente vasca. Y tendrá lugar un hecho formidable: apenas «los otros» se den cuenta de cómo los consideramos se producirá el gran suceso de que empiezan a mirarnos con verdadera empatía”. Mirarizko gertakari kolektiboa zinez, erabat epifanikoa, Testamentu Berrikoen pare-parekoa, nahiz eta Tartsoko Paulo harena txiki uzteko modukoa.

(L. B.)

La monarquía hispana del siglo XVI presentaría la lengua como signo identitario de la nación, a partir de la cual deseaba construir un Imperio, un gran imperio donde nunca se pusiera el sol. Y NO necesitó de mucha teoría lingüístico-identitaria para ello. Los resultados son claros y evidentes, incluso cuando en los dos últimos siglos ese gran imperio se hayan reformulado en formas y estados distintos y distantes entre sí. Aunque, eso sí, de inolvidable raigambre hispánica siempre.

En la actualidad, la lengua es un factor empírico con el que se puede identificar a un grupo social, grande, mediano o pequeño. Y dicha identificación va siempre más allá de la existencia de un grupo. Porque, por mucho que Herder observara que en un territorio monolingüe no se mantenían idénticos intereses siempre, en todo momento y en todo lugar (¡una pena que Herder no apreciara diferencia de intereses en absolutamente todo tipo de comunidades, incluidos los más mínimos núcleos familiares!), la influencia de la lengua sí hace que los colectivos de gente se homogeneicen y uniformicen, tanto casi como lo hace IKEA con nuestras variaciones estéticas.

Asociar identidad nacional y lengua ni es desvarío, ni trasunto de derechas, ni de izquierdas, sino una evidencia, una obviedad que intereses espurios e imperialistas varios se empeñan en convertir en estereotipo… solo en las comunidades lingüísticas sin estado.

Es interesante constatar que por estos pagos HISPANOS, mientras la lengua SE HA ENARBOLADO Y SE ENARBOLA como signo de identidad nacional, no genera problemas entre quienes andamos metidos en la tarea de construir una GRAN nación.

Nadie como NEBRIJA cantó las excelencias del CASTELLANO como elemento de nexo espiritual E IMPERIAL con el resto de las COLONIAS (¡PERDÓN! NACIONES) hermanas, dando lugar al IMPERIO HISPANOAMERICANO. Arcadia feliz que NO se fue al garete en cuanto la lengua se utilizó como parte de la argamasa de esa nueva especie de nacionalidad llamada HISPANIDAD, QUE SEGUIMOS CELEBRANDO CON GRAN ALBOROZO IDENTITARIO.

En la actualidad, la consideración de la lengua como factor de identidad nacional PERVIVE CON FUERZA Y NO PARECE QUE HAYA LLEGADO el momento de preguntarse si lo es de verdad o, tal vez, se trata de un estereotipo que convendría situarlo en coordenadas interpretativas más ajustadas con el funcionamiento de la lengua. ¡NOS FUNCIONA PERFECTAMENTE! Nuestro Destino en lo Universal se ve cada día más reforzado a través de esta lengua común que nos “pone” y nos sitúa en la misma onda, nos sintoniza entre nosotros y, lo que es muy importante, nos diferencia y nos distancia de los Otros, de los bárbaros, de los que hablan otra lengua.

¿Lo llamamos identidad? ¿Preferimos el término identificación?

La verdad es que, nombre arriba, nombre abajo, con la base que nos proporciona la lengua común tenemos suficiente para seguir desarrollando nuestro Espíritu Nacional. Y ya vendrán después nuestras rojigualdas, nuestros políticos, nuestros vargas-llosas, nuestras hispano-filipinas, nuestra medallas olímpicas, nuestras selecciones deportivas… y, no lo olvidemos, también nuestros enemigos, a darnos más y mayor identidad.

Porque mantener la lengua como signo exclusivo y excluyente de identidad nacional favorece la cohesión y coexistencia política y social. POR ESO COACCIONAMOS A LOS PERIFÉRICOS A ABANDONAR SUS LENGUAS PROPIAS Y LES OBLIGAMOS CONSTITUCIONALMENTE A QUE APRENDAN LA NUESTRA, SÍ O SÍ.

Es verdad: la lengua, utilizada bajo esa perspectiva, concita el aplauso unánime de todos, Y LO CONCITA PORQUE SABEMOS QUE SÓLO ASÍ SE PUEDE LLEGAR A SER HISPANOS DE VERDAD, TAN IDENTITARIOS Y PUROS COMO LOS OTRORA EUSKALDUNES AZNAR, AGUIRRE Y CÍA. Hecho que, OBVIAMENTE, NO va en detrimento de NUESTRA lengua.

PERO SÍ, sí sería higiénico preguntarse qué es, APARTE de la lengua que hablamos, lo que nos define como ESPAÑOLES. Y responder sin caer en dramatismos ni esencialismos. Menos aún en misticismos.

KENÓ

Tresna-barrara saltatu