Zupiriaren kale-garbitzaileak
Zupiria ezin da izan azken adierazpenetan azaldu den bezain traketsa.
Azkarragoa eta abilagoa da, zalantzarik gabe.
Baina dagoen tokian duen aulkian egoteak emozioz bete du eta liluratu, antza. Eta PSE-EEkoen maitasun samurrak ez dio gutxi lagundu lan berrirako adoretze horretan.
Zer egin, eta denbora xahutzeko entretenimendu hoberik ez duela eta, hara non bururatu zaion 38.000 hizkuntza eskakizun, banan-banan, berrikusten hastea. Horrela da, bai, 38.000 mila lanposturen eskakizunak berrikusten hasiko baita kementsu. Trena aurrera doala, bera atzera begira tiraka.
Hori bai etorkizuna planifikatzen jakitea eta hizkuntza plangintza burutzen hasteko urrats erabakigarria!
Eta lehenik eta behin, eginkizunaren garrantziaz ohar gaitezen, kale-garbitzaile EGAdunen adibide pedagogikoa azaltzea bururatu zaio prentsaurrekoan. Txintxo-txintxo, eta prentsaren mundutik ez baletor bezala, eta prentsa horiak zeri ematen dion lehen tokia ikasita ez baleuka bezala.
Kale-garbitzaile EGAdunak! Horrelakorik ere!
Baina halako adibide sendo eta grafikoarekin orain arteko Hizkuntza Politika zurbila hain barregarri utzi badu, segurua da Zupiriak bat edo bi edo igual hiru kale-garbitzaile EGAdun ezagutzen dituela erkidego guztian. Hiruak, seguru, kalte ikaragarri latza egiten diotenak komunitateari.
Hain zuzen ere kale-garbitzaile EGAdunak direlako funtsezko desoreka linguistiko sozialaren errudunak, eta ez, adibidez, euskara nahitaezko izan beharko luketen lekuetan dauden mediku analfabetoak. Berrehun mediku? Bostehun? Bi mila? Horientzat ez da hizkuntza eskakizunik jarri behar. Euskalduna baino hobeago baita mediku ona izatea.
Eta politikariak? Zenbat ezagutzen du Zupiriak bere alderdian eta ondokoetan euskaraz ideiarik ere ez dutenak eta erakunde publikoetan guztion ahots direnak eta izan nahi dutenak? Ehun? Berrehun? Bi mila?
Horientzat ere ez da hizkuntza eskakizunik behar. Nahi duten moduan jokatu behar dute horiek. Ala “egunon” modukoren bat marraskatzen ikastea baino gehiago beharko lukete horiek?
Horregatik dator orain Zupiria ispilu erretrobisorean begiratzera eta 38.000 hizkuntza eskakizun diskriminatzaile berrikustera. Kale-garbitzaile EGAdun asko dagoelako. Eta lan-merkatua gizartearen beharrizanei egokitu behar zaielako. Eta garrantzizkoena dena: psozialistek musu-truk eskainiko dioten esku-argia izango duelako lagun.
Beti izango du, jakina, asmo txarreko susmoak zabaltzen hasiko zaionik eta Hizkuntzaren Normalkuntza bermatu beharko lukeen arduradun nagusia hizkuntza langak, berez ahulak eta indargeak direnak, jaistera datorrela esango duenik. Eta kexaka arituko denik.
Ez halakoei kasurik egin, larreko behi-usainetara itzultzea bilatzen dutenak baitira horiek. Zeren eta garbi aitortu behar da, eta hori ikusten lagunduko digu seguruenik Zupiriaren berrikusteak, euskaldun atzerakoiena dela benetako beharrizanei erantzun egokirik ez ematearen errua, hemengo hizkuntza propioan bizi nahi izatea ez baita etorkizuneko gizarte berriak behar duena. Eta aitortu behar da dagoeneko ohartuta egon beharko luketela euskaldunek elebidun direla eta Jainkoak oparitu dien aberastasun magiko horretaz baliatzen ikasi beharko lukeela bizikidetza eta normalizazio soziala bermatzeko. Euskal Herrian euskaldun elebidun denari ezin baitzaio inolaz ere lehentasunik eman erdal elebakarren aurrean. Eta are gutxiago kale-garbitzaileei.
Gure ongi etorri beroena, beraz, Unzalu-Mendiaren diskurtso linguistikoa berpiztera eta geureganaraztera etorri zaigun Zupiria jaunari.
(K.M.)