Ez da hemen euskal egunkari bakarraren kazetaritza-lana zalantzan jartzeko bokaziorik eta ez gogorik ere, nahiz eta lan hori bideratzen duten irizpideek lau haizek batera jota diruditen askotan.
Baina guztiarekin ere, ez da erraz ulertzen nola kalera dezakeen joan den igandekoa bezalako gai bat, beste galaxiaren batean dabilenari baino interesatzen ez zaiona eta, begi bistakoa den bezala, euskaldun gehienon animoak jipoitzera datorrena.
Atera berria den euskararen erabilera-mapak erakusten duen bezala, Euskal Herri delako hau ez dago indarrak globo eta suzirietan xahutzeko egoeran.
Nola etor daiteke orain, pelikularen altura hauetan, euskara estandarizatzeko funtzioa duen euskal egunkari bakarra inolako lehentasunik ez duen kontu hutsal bat planteatzera? Ez al dago bestelakorik eztabaidatzeko edo, behinik behin, orriak betetzeko?
Zergatik ez zaio bururatzen gure egunkari horri, esaterako, duela hilabete J.M. Torrealdaik HAMAIKA telebistan euskara estandarraren inguruan planteatu zuenaren ildoko zerbait serio kaleratzea?
Zergatik ez du ahalegin gehiago egiten maiz asko euskalkien erabileraren estalkiarekin disimulatu nahi izaten den analfabetismo erraldoiaren kontra? Zergatik ez bideratu, berdin erakunde zein komunikabideetan ohiko bilakatzen ari zaizkigun pidginizazio ustelen, txoko-fonetismo nagien eta gainerako haurkeria linguistikoen salaketa aktiboa?
Ez al dugu sinesten akaso hizkuntza bat, bakarra, bateratua, aberatsa, indartsua, noranahikoa, jakite-hegoek igoa… behar dugula Euskal Herri osoan?
Euskalkiek, estandarizatuta edo estandarizatu gabe, ez digute hori konpontzen. Eta denbora, indarrak eta dirua galarazi, berriz, bai. Gordinki esanda bada ere.
Are gehiago, gezurretan ari da lagundu beharreko euskalkidun hutsik dagoela dioena, egun ez baitago euskara batu mintzatua ulertzen ez duenik. Eta, jakina, idatzizkoa ulertzen saiatu ez denari dena irudituko zaio zail; eta maila berean irudituko zaio zail irakurtzea bera, euskalkian zein batuan.
Eta arazoaren giltza: gaur egun etengabeko ahaleginetan ari diren euskaldun berri, berriztatu eta ikasiak dira hemen benetan zaindu behar direnak, ez sasi-euskalkitan dihardutenak. Hauenak, gehienetan, aitortu diezaiogun behingoz egia geure buruari, saltsa-euskalki modukoak baino ez dira. Adibideak, etxetik irten bezain pronto.
Zertan ari gara, orduan?
Gure balkanizazio honekin hizkuntza hegemonikoei irmoago laguntzen?
Geure hil-kutxa prestatzen?
Horrela bada, animo eta aurrera, bada!

(K.S.)