Literaturan eta Arteetan barrena asko bidaiatu duen lagun batek idatzi digu aurreko “posta” osatzeko proposamen berri bat eginez. Interesgarria izan daitekeelakoan, honatx haren gutuna:

Kaixo, adiskideok!

Jarri berria duzuen “Ekonomia proposamena” irakurri ondoren, aspaldian buruan darabildan beste proposamen batekin aberastu genezakeela zuena pentsatu dut. Nirea ez dena, egia esateko, baina ehuneko ia ehunean nire egiten dudana.

Ezaguna da, izan ere, gobernuak une batean atzerriko jendea erakarri zuen modu berean uxatu nahi duela orain kanpotar oro. Haientzako irtenbideak, hitzaren etimologiari jarraituz erabaki dira: “irten-bide”, “irten zaitezte hemendik!”.

Gobernariek era ezin errealistagoan egin dituzten kalkuluen arabera, atzerriko jendearentzat gero eta lan gutxiago dago, eta, are okerragoa dena, soldatak eta gizarte-laguntzak exijitzen dituzte etengabe eta intsolidarioki, krisi-egoeraz ohartu ez balira bezala.

Lehen etxe-zerbitzurako, adreiluaren negoziorako eta armadarako ezinbesteko baliabideak (oso baliabide merkeak!) zirenak orain arazo bat baino ez dira. Baina ez hori bakarrik.

Umegintza ezin emankorragoa dutenez, atzerritarrek gainkosto ikaragarria dakarkiote “ongi-izatearen gizarte” honi. Zeren eta kopurutan gero eta gehiago izateaz gainera, jan ere egiten dute, eta eskolak ere behar dituzte; eta zer esanik ez osasun-arretari dagokionez: paritorioak eta pediatria-kontsultak monopolizatzen dituzte haien emakumeek eta haurrek. Horren truke ezer itzuli gabe gainera.

Eta ez ahaztu langabezian eta marjinazioan egote horrek delinkuentzia-poltsak elikatzen dituela.

Egoera larria, beraz. Eta horregatik hain zuzen, irtenbideak ere imajinatiboak planteatu behar dira, ez etimologikoak.

Zer eskaini behar ligukete orduan gure ongizatearen gizarteaz etengabe baliatzen diren atzerritar hauek? Zer eskaini behar ligukete ia haien mailaraino iristear gauden mendebaldeko onberatsuoi?

Bada, eskaini diezaguketen gauza bakarra, ez dago zalantzarik.

Ez dut gogoan nork idatzi zuen horrelako egoera larri bati irtenbidea emateko antzeko proposamen serio bat, baina, oker ez banago, honela zuen gutxi gorabehera izenburua: “Proposamen xumea, Irlandako pobreen  seme-alabek gurasoentzako edo aberriarentzako zama bat izan ez daitezen eta, aldi berean, gizartearentzako onuragarri gerta daitezen”.

Duela hirurehun urteko proposamena  izan arren, ez du gaurkotasunik galdu. Nik beraz, haren ildoetara jo beharko genukeela uste dut. Hori bai, beharrezko diren egokitzapenak egin ondoren, zeren eta delako proposamen horretan papistak eta antzeko kontzeptu anakronikoak agertzen baitira, eta atzerritarren artean ezaguna baita bestelako erlijiokoak direla nagusi.

Edozein modutan ere, inork ez dezala gaizki ulertu hemen esandakoa, atzerriko jendearekin bakarrik aplikatzeko baita proposamena, haiek ere, gizarte honen partaide garrantzitsu gisara, etekinak eta onura garbiak izan ditzaten eta, bizi gareino, haiengatik egiten dugun guztia eskertu diezaguten.

Eta Madrileko gobernuak ez badu, nahi duenagatik, proposamen praktiko hau bururatzen, Patxi Lopezi dagokio ekimen progresista honen ikurra aurrera eramatea, behingoz behintzat aitzindari izan dadin zerbaitetan eta benetako lider politiko bezala pasa dadin Historia larrira.

Ez horregatik!

(Tx. P.)