
XX. mendearen hasierako bizimodua oroitarazten dute urtero Orhipean.
Aurten ere bai.
Eta garai haietara itzultzeko mina balute bezala, orduko kontuak oro (oro?) kaleratu dituzte berriz ere inguru haietako herri nafar handienean.
Han izan dira 1900. urteko eskolak eta maisuak,orduko mahaitxo, mapa eta liburuekin.
Han izan dira orduko sendagileak eta horzlariak eta artzainak eta zapatagileak eta koltxoigileak eta okinak eta beste hainbat, haien lanbideari zegozkion lanak nola burutzen zituzten erakusten.
Han izan dira xaboia egiten zuten emakumeak ere, xaboia nola egiten zuten erakutsiz.
Han izan dira, halaber, urte guztiko txorizoak eta odolkiak egiten zituztenak, txerriaren atal guztiak nola baliatzen zituzten azaltzen.
Han izan dira orduko prentsaren balioa gogorarazi dutenak ere.
Han izan dira inguruetako herritar sutsuak, azken buruan, XX. mendearen hasierako bizimodua birsortzen eta garai hartako arnasa erakusten.
Urruntasun geografiko honetatik, ordea, gauza bat baino ez da faltan nabaritu.
Historiak dio 1900ean euskara zutela inguru haietako hizkuntza. Alabaina, euskara ez bide da inon azaldu.
Albistegiek bederen ez dute horren berri eman.
Euskara ez baita, nonbait, XX. mendearen hasierako gizarte euskalduna irudikatzeko osagai garrantzitsua.
(K. M.)